Sustrai Erakuntzak benetako parte hartze prozesua eskatu du Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plan berria (PIGRN) osatzeko

Artikulu hau irakurtzeko aurreikusitako denbora: 
3 min.

Contenedor de basura

Jakina denez, Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plana (PIGRN 2010-2020) bertan behera utzi du Espainiako Auzitegi Gorenak, behin betirako. Ondorioz, Nafarroako Gobernuak hasi du plan berri bat osatzeko prozesua: “Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratua 2015-2025” (PIGRN). Erran daiteke, beraz, bost urte galdu ditugula Nafarroako hondakinen kudeaketaren auzian, eta plan berriarekin, aurrekoaren urteak aldatu nahi dituztela, nagusiki. Hortik aurrera, ezer gutxi. Gure prentsa oharra irakurtzen jarraitu, baina baita ere gure salaketari Nafar Gobernuaren erantzuna ikusi...

Hondakinak Kudeatzeko Plana bertan behera utzi duen ebazpena baloratzeko Javier Esparza, Ingurumenaren Kontseilaria, Nafar Parlamentuan egin duen agerpenaren bideoa.

Beldur gara gobernuaren asmoa dela plan berria onartzea, herritarren parte hartzeari gutxieneko tartea eskainiz. Horretarako, egutegiko 18 eguneko epea baino ez dago. Gainera, kontuan hartu behar dugu jendaurrean ez dutela erran prozesua martxan jarri dela. Hori guztia ikusita, uste dugu parte hartze prozesu hori prozesu benetan irrigarria izanen dela.

Prozesua martxan jarri duen Foru Aginduak (PDF formatoan) ere ez du zehazten parte hartze prozesu hori nolakoa izanen den. Agiri horren arabera, oraingoz parte hartzeko dauden bide bakarrak bi dira: proposamenak aurkeztea, batetik; eta, bertzetik, “lan eta parte hartze talde bat” osatzea, “interesgarritzat” jo daitezkeen alderdiei buruzko eztabaida egiteko. Beraz, parte hartze prozesua nolakoa izanen den zehaztuko duen inolako informaziorik ez dago.

Hori guztia kontuan hartuta, uste dugu informazio publikorako eta parte hartze publikorako eskubideak urratzen ari direla; eta badela ordua martxan jartzeko hondakinak kudeatzeko moduari buruzko eztabaida eta gogoeta prozesua. Gobernuak hasieratik erran beharko luke zeintzuk diren auzi horretan giltzarritzat joko dituen auziak. Ez da nahikoa web orri batean hainbat agiri jartzea, eta web horri horren bidez herritarrei parte hartzeko eskatzea. Eragile politiko eta sozial guztiek adostutako plana lortu behar dugu; eta plan horrek erantzuna eman behar die, gainera, hondakinak kudeatzen dituzten toki erakundeen beharrei eta eskaerei.

Hori egin zen aurreko plana osatzeko prozesuan, herritarrek hala izateko presioa egin zutelako. Orduan, gobernuaren asmoa izan zen parte hartze prozesu mugatua egitea, baina salaketek eta herritarren presioak lortu zuten gobernuak jada existitzen ez den Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroari (CRANA) eskatzea parte hartze prozesu bat martxan jartzeko. Hainbat bilera egin ziren prozesu horren baitan, plan horren hainbat alderdiren inguruan, bai eta Nafarroako hainbat eskualdetan ere. Ematen du orain ez dela haien asmoa halakorik egitea. Akaso CRANA itxi egin dutelako.

Arrazoi horiengatik erabaki du Sustrai Erakuntza Fundazioak idatzi bat aurkeztea Nafarroako Gobernuan (PDF formatoan). Gure asmoa da gobernuak hutsean uztea mahai gainean jarri duen erdizkako parte hartze prozesu hau, eta berriz has dezala, modu egokian. Benetako parte hartzea bultzatzeko plan bat osatzeko eskatu diogu, hondakinak kudeatzeko plan berria egin ahal izateko. Aldi berean, Sustrai Erakuntzak erran nahi du prozesu horretan parte hartzeko interesa duela, eta, ondorioz, parte hartuko du plan berria osatzeko lan eta parte hartze taldean.

SUSTRAI Erakuntza Fundazioa
www.fundacionsustrai.org eta www.sustraierakuntza.org
sustrai@fundacionsustrai.org