Sustapen Ministerioak Nafarroako Ezaugarri Behineneko Trenaren proiektua aldatu egin du jada

Abiadura Haundiko Trenaren lanakSustrai Erakuntza Fundazioak uste du Nafarroan jada errealitatea dela abiadura handiko tren korridore berria eraikitzeko proiektuaren aldaketa (AHT, EBT, EAH, izen guztiak sinonimoak dira). Asteon Aralarko parlamentari Txentxo Jimenezek aurreratu du, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio AHTaren obrak bertan behera uzteko, mahai gainean utzi baititu Sustapen Ministerioak Nafarroako abiadura handiko korridorearen “aldaketa sakonei” buruz dituen zalantzak.

2011n Sustrai Erakuntzak txostena plazaratu zuen Nafarroako abiadura handiko trenaren loturak izan dezakeen errentagarritasun sozialari buruz (PDF fitxategia, 1,7 Mb). Euskal Herriko Unibertsitateko Alejo Etchart, Roberto Bermejok eta David Hoyosek egin zuten. Txosten horretan azaltzen zen hainbat aste lehenago Europako Batzordeak erabaki zuela Nafarroa Kantauriar-Mediterranear korridorean barneratzea, Sustapen Ministerioak hala eskatuta. Horrek erran nahi du egungo trenbidean hirugarren errail bat jartzen dela, salgaientzako Europak ezarritako zabalerarekin bat egiteko (bidaiarientzat ere egokia da). Beraz, egungo trenbidea moldatzen da Europak ezarritako zabalerara egokitzeko, gaur egun Hueskan eta Gironan egiten duten bezala.

Aldi berean, Sustapen Ministerioak eutsi dio, orain arte, Zaragoza eta Euskal Y-aren arteko zatian trenbide berria eraikitzeko asmoari. Sare bikoitz hori gauzatzeak, bat abiadura handiarentzat bakarrik eta bertzea zehazki salgaientzat, azpiegituretan gehiago gastatzea ekarriko luke; errentagarritasunak, gainera, behera eginen luke, bai eta linea bakoitzaren erabilerak ere. Beraz, aurreikusitako 4.000 milioi euroko inbertsioa ez da ustezko garraio arazoak konpontzeko modu eraginkorra; zentzugabekeria hutsa da. Antza denez, proiektuaren bultzatzaileak horretaz konturatzen ari dira, eta orain hasten dira erabilera anitzeko trenbidearen aldeko urratsak egiten, neurri batean. Nola?

Sustapen Ministerioak berak onartu du, jendaurrean, Nafarroako Gobernuarekin batera 2013ko apirilaren 8an plazaratu zuen prentsa oharrean, Sustapen ministro Ana Pastorren eta Nafarroako presidente Yolanda Barcinaren arteko bilera eta gero.

Ohar horretan iragartzen zen trenbide berri baten eraikuntza Alesbes eta Tafalla artean, Kastejonen eta Alesbesen hasitako abiadura handiko trenaren obrei jarraipena emanez. Gakoa esaldi honetan dago: “Trenbidearen ibilbide berri honek sarearen gainerako zatiekin eginen du bat, egun dauden errailak ahalik eta gehien erabiliz, errail horiek nazioarteko zabalerarekin bat egiteko egokituz. Horrek erran nahi du Nafarroak bat egin ahal izanen duela Europako trenbide ardatzekin, karga hausturarik gabe”. Hau da, Erribera eta Erdialdearen artean plataforma berria eraiki nahi dute, egungo errailekiko gutxi gora-behera paralelo izanen dena (hau da, betiko AHT). Bide berri horiek egungoekin bat eginen dute, egungo horiek Europako zabalerara egokituz (ustez, hirugarren errailaren bidez), horri esker, Mediterraneoaren eta Europaren arteko salgaien trafikoa ahalbidetzeko Nafarroako korridorearen bidez, Europako Batzordeak 2011n erabaki zuen moduan.

Beraz, Sustraik uste du Sustapen Ministerioa eta Nafarroako Gobernua bere ekintzen bidez bertan behera uzten ari direla trenbide berriak eraikitzeko proiektua, Kastejondik harago, hegoaldetik, eta Tafallatik harago iparraldetik. Antza denez, haien asmoa da, oraindik ere, hainbertze aipatu duten Ezaugarri Behineneko Trenaren aldeko apustuari eustea, Europako zabalera ezarriz, Europak onartu eta ordaindu bezala. Hemendik aurrera, beraz, zabaltzen den eztabaida hauxe da: zertarako eta norentzat eraiki plataforma berri bat Kastejon eta Tafalla artean, egungoarekiko paralelo? Orain egokiagoa litzateke, hala ere, arazoaren errora jotzea eta galdera hau mahai gainean jartzea: zergatik insistitzen dute horretan? Gaindimentsionatutako eraikuntzaren sektoreari eusteko eta finantzatzeko? Zekenkeriagatik izanen da?... Zekenkeria.

Sustrai Erakuntza Fundazioa
Telefonoa: 622 18 19 69
Helbide elektronikoa: sustrai@sustraierakuntza.org