Nafarroaren zauriak

Gaztezulo aldizkariaren logoaNafarroa ohituraren eta bioaniztasunaren lurraldea dela diote. Baina bioaniztasuna gero eta mehatxatuago dago eta, aldiz, lurralde, jendarte eta ingurumen arazoak sorrarazten dituzten proiektuak bultzatzearen ohiturak goranzko joeran segitzen du.

Itoitz urtegiaren eraikuntza gehiegikeria horien gailurra izan zela pentsatu genuen, uste genuen ez zirela ausartuko harago joaten. Ez ba. Herriaren gehiengoaren nahiaren gainetik, azpiegiturak inposatzearen ohiturak bizirik dirau, eta Esako urtegia handitu nahi dute orain.

Erriberan Abiadura Handiko Trena erakitzen dabiltza: beharrik gabeko eta inork eskatu ez duen linea berria, beste trenbideekin inongo loturarik izango ez duena gainera.

Nafarroa erdialde osoa, bestalde, Itoitztik edaten duten ubidez orbainduta geratzen ari da eta, gutxi balitz, ur hori erabiltzeari uko egiten dioten nekazariei arbasoengandik jasotako lurren jabetza kentzen ari diete.

Lizarraldean, Egaranen, bertako iturriak idortu egin dira azken bi urteetan lehenengoz. Izan ere, norbaiti bertako akuiferoetako ura hegoaldera eramatea bururatu zaio, betiko baratzeei kendu eta agroindustria handiari emateko.

Gatozen Iruñerrira eta ikusiko dugu goi tentsioko lineak biderkatzen ari direla eta biomasa erraustegi handiak proiektatzen ari direla, basoetako baliabideak espekulatiboki erabiltzearen kontura jakina. Hori bera gertatu zen duela zenbait hamarkada Pirinioetako hainbat haranetan, eta orduz geroztik basoak utzita daude, hilzorian.

Sakanan, AHTren eta goi tentsioko lineen mehatxuari bertan lurraldeko hondakin guztiak erretzeko proiektua gehitu behar zaio, udalerrien autonomiaren gaindik inposatua.

Hau guztia gutxi balitz, nafar geografia osoan barrena barreiaturiko minerale harrobiek gure paisaia apurtzen dute eta tokiko garapen endogenoa kaltetu. Frackingak zerrenda beltz hau are gehiago ez luzatzea espero dugu, jada nahikoa baitugu.

Gehiegikerien aurrean, Sustrai Erakuntza fundazioko kideok egonezinetik ekintzara pasatu gara eta, lan juridiko nahiz teknikoaren bitartez, sarraski hauei planto egiten dioten auzolan ekimen antolatuak bideratzen ditugu. Izan ere, talde lanean aritzen gara Sustrai Erakuntzan, helegite juridikoak finantzatzeko banakoen diru emate anonimoen bitartez edota sarean lan egiten duten teknikari eta jakitunen parte hartzearen bitartez. Zuk ere jar dezakezu zure alea Nafarroako proiektu jasangaitzen kontrako auzolanean!

Gaztezulo aldizkarian argitaratuta.