Nafarroako Gobernuak Aroztegiako (Baztan) UGPSa bertan behera gelditzen ez badu epaitegietara joko dugu

Artikulu hau irakurtzeko aurreikusitako denbora: 
3,5 min.

Aroztegia... eta gero zer? plataformaren logotipoaGaur goizean egindako prentsaurrekoaren textuarekin uzten zaituztegu. Prentsaurrekoan, Aroztegia... eta gero zer? Plataformak, Sustrai Erakuntza Fundazioaren laguntzarekin, Lekarozko Aroztegia eremuan egin nahi den egitasmo urbanistiko-espekulatzailearen (hotela, golf zelaia eta 228 etxebizitza) egoeraren inguruko informazioa eman du. Eta Nafar Gobernuak proiektua ez badu gelditzen Sustrai Erakuntzak UGPSaren aurrean helegitea jartzeko asmoari buruz ere solas egin da. Baina prentsa oharra irakurri baino lehen Irati Irratian egindako elkarrizketa bat entzun dezakezu, bai hemen edo archive.org webgunean:

Gaurko prentsaurrekoaren irudia Katakraken

Gaurko prentsa agerraldia Aroztegia... eta gero zer? Plataformak eta Sustrai Erakuntzak  deitu dugu Lekarozen egin nahi den UGPSari buruz gure ikuspuntua agertzeko eta honen aurrean hurrengo astetan burutuko diren ekintzen berri  emateko:

Aroztegia proiektua  egitasmo urbanistiko-espekulatzailea da, 228 etxebizitzako bizigune berria sortu nahi duena Baztanen, 750 biztanle inguruko bizigunea hain zuzen, gaur egun 322 biztanle dituen herri batean. Hala, golf zelaia eta hotela, jokaldi urbanistikoa zuritzeko aitzakiak bertzerik ez dira. Agerikoa denez, Aroztegiako egitasmoak Baztango egituraketan eta lurraldearen antolaketan ondorio nabariak izanen ditu; praktikan, Baztango 16. herrian bihurtuko litzateke eta, horrek, dudarik gabe, ondorio sozial, espazial eta ekonomiko sakonak ekarriko lituzke.

Aipatu beharra dago proiektu hau bera, aldaketa txiki batzuekin, herriak, tokiko administrazioak zein Aroztegia... eta gero zer? plataformak egindako lanari esker atzera bota zela eta epaitegiak legez kontrakoa izendatu zuela 2013an. Proiektua bertan behera utzi ondotik, enpresa bulkatzaileak Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren figura erabiliz lehengo proiektu bera Nafarroako Gobernuarekin zuzenean tramitatuz egin du, horrela Lekarozko herria, Baztango Udala eta Batzar Nagusia bazter batean utziz. Azken finean, herritarren kontrako jarreraren gainetik proiektua inposatu nahi izan dute. Hori aski ez, eta nahiz eta 2008an Nafarroako Gobernuak proiektu honi udalez gaindiko izaera ukatu, aurreko legealdi bukaeran, hauteskunde bezperetan, UPNren gobernuak UGPS-a onartu egin zuen.

Modu honetan, Nafarroan eredu ekonomiko espekulatzaile eta suntsitzailea bultzatu du azken momentu arte, non gutxiengo baten interesak defenditzen diren herritarren gehiengoaren erabakia defenditu beharrean. Eredu honek iraunkortasunik ez du eta Baztango zein Nafarroako ekonomia eta baliabideak agortzera eramaten du, hurrengo belaunaldiei etorkizuna lapurtuz.

Aroztegia... eta gero zer? plataforma, Sustrai Erakuntza  eta gaur hemen bildu garen eragileak Nafarroako Gobernuak UGPSak proiektuak inposatzeko eta krisia, bezerokeria eta ustelkeria bultzatzen duen eredu ekonomikoa gailentzeko erabili izana salatu nahi dugu.  Adibide bezala, hor daude Etxabakoitz, Donapea, Vianako Valles Nubes, Olaztiko Cementos Portland, Aroztegia ... proiektu hauek herritarren erabakiaren gainetik pasatzeko erabili dira, demokraziari iruzur eginez  eta askotan berme juridikorik gabe, enpresa bultzatzaileak diru publikoaren indemnizazioen onuradun bihurtuz. UGPS bezalako ez-ohiko baliabide juridikoa erabili da,  batere interes sozialik ez duten proiektuak bertako erakundeen,  eta herritarren borondatearen gainetik pasatzeko.

Honengatik, uste dugu Nafarroako Gobernu berriak lehen bai lehen birplanteatu beharko lukeela lurraldea antolatzeko tresna honen erabilera (UGPSarena). Aitzineko gobernuek erabili dute, erran dugun bezala, tokiko entitateen erabaki eta interesen gainetik pasatzeko. Beraz, Nafarroako Gobernu berriak azken urteetan martxan jarri diren UGPSak berraztertu beharko lituzke eta udalerri bat baina gehiagotan eragiten ez dutenak ala interes orokorra kontutan ez dutenak deuseztatu.

Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuari Aroztegiako UGPSa bertan behera gelditzea eskatzen diogu. Lekarozko herriak zein Baztango Batzar Nagusiak egindako eskaerei erantzuteko aukera izango du datozen egunetan eta garaiz dago herritar zein eragileek hainbeste aldarrikatu dugun ALDAKETA gauzatzeko. Ez dago aitzakiarik herriaren hitza zein tokiko administrazioen konpetentziak eta autonomia ez errespetatzeko, ezta UGPSak interes soziala defenditzeko erabili beharrean interes espekulatzaileak lehenesteko ere. Nafarroako Gobernuak  gehiengo sozialak eskatu duen aldaketa soziala gauzatzeko bidean urrats hau ematea ezinbertzekotzat jotzen dugu. Hau egin ezean, hainbertze aldarrikatu eta irudikatutako aldaketa iruzurra bertzerik ez da izango, Aroztegiako UGPSak aurrera egitekotan erregimenaren jarraipen gisa ulertuko dugu.

Horrela gertatuz gero, Sustrai Erakuntzak epaitegietara joko du Nafarroako Gobernuaren erabakiaren aurka eta Aroztegia... eta gero zer? Plataformarekin batera lanean jarraituko du Aroztegiako proiektu espekulatzailea gelditu arte.

Bukatzeko aipatu nahi dugu urriaren 2an arratsaldeko 7tan solasaldi bat antolatu dugula Lekarozen proiektuaren inguruko egoera azaltzeko eta izango dituen ondorioak argitzeko. Animatzen ditugu herritar guztiak parte hartzera.

Gaur egungo Aroztegiaren eremuaren egoera, Lekaroz, Baztan