Mendazan (Egaibar) Lokizko akuiferoan bi ur putzu berri egiteko obrak salatzen duen Arartekoari kexa

Artikulu hau irakurtzeko aurreikusitako denbora: 
4 min.

Momento de la presentación de la queja ante el Defensor del PuebloSalvemos el Ega - Ega Bizirik Elkartea eta Sustrai Erakuntza Fundazioaren kideek kexa bat aurkeztu diogu Nafarroako Arartekoari, Lokiz akuiferoan Jurramendiko Mankomunitateak egiten duen gehiegizko ur ateratzeak direla eta. Ekitaldian bailarako udaleko ordezkariak ere egon dira (Antzin, Murieta, Legaria eta Lana Ibarra), eta ureztatzaileen komunitateen kideek. Artikulu honetan zabaldu dugun prentsa oharraren laburpen bat duzu, eta hemendik aurkeztu dugun kexa osoa (PDF, 1,3 Mb) jaitsi dezakezu ere.


Xaloa Telebistan egindako elkarrizketa

Ega Bizirik elkarteak eta Sustrai Erakuntza fundazioak iragarri dute Nafarroako Arartekoan salaketa ipini dutela Egaibar bailaran, Lokizko akuiferotik ura ateratzeko Jurramendiko Mankomunitatea egiten ari den bi putzuen obrak direla eta. Ur erauzketak dagoneko eragiten duen kalte ekologikoa areagotzeaz gain, lanak irregularki egiten ari direla adierazi dute.

Bi elkarteetako kideek prentsaurrekoan esan dutenez, Lokizko akuiferoak eta Ega ibaiak osatutako sistematik ura ateratzeak hainbat arazo sortzen ditu, batez ere urtaro lehorrenetan. Egiten ari diren putzuak amaitutakoan erauzketa bikoiztu egingo da, eta kalte ekologikoa oso handia litzateke, Ega Biziriken eta Sustrai Erakuntzaren esanetan.

Tramitazio irregularraz kexu

Proiektu osoa modu irregularrean egiten ari dela salatu dute, halaber. Izan ere, azken hiru hamarkadetan Jurramendiko Mankomunitateak egin dituen eta etorkizunean egin nahi dituen ur erauzketek Ebroko Ur Konfederazioaren baimenik ez dutela azpimarratu dute. Konfederazioak joan den martxoan ireki zuen erauzketa horiek legeztatzeko helburua duen espedientea, eta beraz oraindik burutu gabe dago, esan dutenez.

Irekitzen ari diren bi putzu berrien obrak Ebroko Ur Konfederazioari jakinarazi gabe hasi zirela gehitu dute, lanen proiektuak horretara behartu arren, eta Nafarroako Ingurumen Sailak ez diola obren berri eman Mendazako Udalari (bertan egiten ari dira obrak).

Bestalde, Antzin eta Murietako udalek eta Sustrai Erakuntzak berak proiektu osoaren aurkako helegitea jarrita dutela gogorarazi dute. Espainiako Auzitegi Gorenak eman behar du horri buruzko epaia. “Inguruan ura ateratzeko aukerak guztiz baldintza ditzakeen erabaki judizial baten zain gaude, beraz”.

“Baimenaren zain egon gabe abiatzen den azpiegitura proiektua bat da hau”, salatu dute halaber Ega Bizirik eta Sustrai Erakuntzak, “era horretan, Ebroko Ur Konfederazioa behartzen da kontzesioa a posteriori baimentzera, egindako inbertsioa gal ez dadin”.

Diru publikoaren erabilera okerra ote dagoen ikertzeko eskatu dute

Aipatutako irregulartasunengatik Arartekoan salaketa ipini dutela iragarri dute bi taldeetako ordezkariek: “Ebroko Ur Konfederazioaren, Jurramendiko Mankomunitatearen eta Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna argitu dadila nahi dugu”. Tramitazio irregularra ez ezik, uste dute diru publikoaren erabilera okerra egon litekeela, behar bezalako baimenik gabeko lan bat finantzatzeagatik. Hori dela-eta, adierazi dute euren ustez Arartekoak gaiaren berri eman beharko liokeela Nafarroako Kontuen Ganberari.

Azkenik, Lokiz-Ega sistemari buruzko ikerketa egin dadila eskatu dute, eta gogorarazi dute Nafarroako Gobernuak bere programan duen ekintzetako bat izanagatik azterketa hori egin gabe hasi direla putzuak irekitzeko lanak. Bi elkarteek funtsezkotzat jo dute ibaiaren emari ekologikoa mantentzeko ahalegina egitea, besteak beste ureztaketari lotutako eskualdeko ohitura tradizionalek iraun dezaten. Natura 2000 Sarean Ega ibaia Garrantzizko Lekutzat sailkatuta dagoela gaineratu dute.

Argia aldizkarietatik hartutako testua, mila esker Unai Brea!.

Asociación Salvemos el Ega
Fundación Sustrai Erakuntza

Momento de la presentación de la queja ante el Defensor del Pueblo