Ekainak 25: Nafarroako Parlamentuak biometanizazioaren garapenari moratoria integral batez erantzun behar dio

    es 18 Eka 2026 - Makroustiategiak, Prentsa oharrak

    Nafarroako biogas makroplanten aurkako plataformek hilabeteak daramatzagu zalantzan jartzen biometano planten hedapena nola erabakitzen eta kudeatzen ari den. Egungo egoera kaotikoa da, diskrezionala proiektuak baimentzean, legitimitate sozialik gabea eta irizpide ordenatzailerik gabea.

    2025eko urrian onartutako moratoriak ziurgabetasuna, ezegonkortasuna eta herritarren haserrea baino ez ditu luzatu. Horregatik, plataformok proposamenak aurkeztu ditugu, baita Parlamentuan ere, egoera hori bideratzeko. Proposamenak gauzatzen aldera, beharrezkoa da bi urteko moratoria integral berri bat onartzea, biometanizazioari arrazionaltasunetik, analisi seriotik eta plangintza demokratikotik heltzeko.

    Joan den asteartean, 2026ko ekainaren 16an, Landa Garapenerako Batzordeak ebazpen bat onartu du, Nafarroako Gobernuari biometanizazio edo biogas planten instalazioari moratoria integrala ezartzeko neurri egokiak bultzatzea eskatzeko. Horretarako, instalazioak atzeratzea proposatzen du, Nafarroak planta horien hedapen ordenatu eta iraunkorra bermatuko duen ekosistema arauemaile bat izan arte.

    Onarpen horren aurrean, biogaseko makroplanten aurkako plataformek honako ohar hauek egin nahi ditugu:

    1/Ganberak ebazpen hau onartzeak azken urtean defendatu eta erreklamatu ditugun argudio gehienak biltzen ditu.

    2/Hala ere, moratoria integral baten alde onartutako ebazpena, baina onarpen-datarik gabe, ez da nahikoa. Mehatxu bikoitza dugu aurrean:

    a/Oraingo moratoriak 12 hilabeteko iraupena du. Hori dela eta, 2026ko urrian bertan behera geratuko da izapidetze-fasean zeuden proiektuak gelditzeko erabakia. Eta horrek eragingo du enpresek beren proiektuak aktibatzea beren interesak baliarazteko, horretarako arau-eragozpenik gabe. Etxeko lanak egin ez direnez, hasierara itzuliko ginateke, eztabaida sozialik gabe, azterketarik egin gabe, plangintzarik gabe eta ezinegon sozial handiagoarekin. Eta ez hori bakarrik. Biometanizazioko eta makrogranjetako makroproiektu berrietarako dei-efektua areagotu egingo litzateke. Dagoeneko enpresa batzuk udaletxeetako atea jotzen ari dira.

    b/Egoera bera gerta liteke urria baino lehen, udan aurreikusita zegoen eremu kalteberetan ongarritze organikoari buruzko foru-araudia indarrean jarriz gero.

    3/Era berean, moratoria integrala lortzeko ebazpenak Arronizko eta Sesmako proiektuei ere eragin beharko lieke. Bi proiekturi buruz ari gara, indarrean zegoen moratoriatik kanpo geratu zirenak eta bere garaian Ingurumeneko Baimen Integratuak korrika eta presaka baimena jaso zituztenak. Ganberak onartutako ebazpenak adierazten duen bezala, beharrezkoa bada arau-ekosistema bermatzaile eta parte-hartzaile bat, hedapen ordenatu eta iraunkorra ahalbidetuko duena, hori ere Arronizen eta Sesman aplikatu beharko litzateke, bai ala bai. Azken kasu honetan, ez da ulergarria PSNk herriaren susmopean dagoen dagoen priektu hau salbatzeari ekin izana. Orain arte aurkeztu diren proiektu guztien artean foru intereseko deklarazioa jaso duen bakarra da, horretarako inolako justifikazio garrantzitsurik gabe, kontuan izanik antzeko proiektuek ez dutela jaso. Ez da ulertzen, ezta ere, esperientziarik gabeko enpresa baten proiektua onartzeko presa, desinformazioz inguratua, eta alkateak ere espazio publikoak ukatu dizkiena hitzaldien bidez informatzen saiatzen ziren bizilagunei.

    Horregatik guztiagatik, eta Ganberak emandako pausoa baloratuz, biogaseko makroplanten aurkako Nafarroako plataformek honako hau eskatzen dugu:

    1/Gutxienez bi urteko moratoria integrala onartzea ekainaren 25eko osoko bilkuran. Borondate politikoa badago, denboraren presak ez luke oztopo izan behar Nafarroan biometanizazioaren erabilerari erantzun globala emateko beharrari azkar erantzuteko.

    2/Kaltetutako herrietako udal-karguen eta -ordezkarien konpromisoa, beren arduradun politikoei eta alderdikoei moratoria integral horren premia helaraz diezaieten. Lehenago edo geroago, beren bizilagunen aurrean biogaseko makroplanten aurrean duten iritzia eta jarrera azaldu eta justifikatu beharko dute.

    BIOMETANIZAZIO-MAKROPLANTEN AURKAKO NAFARROAKO PLATAFORMAK