
• Nafarroako talde parlamentarioek aitortu dute biogas planten egungo moratoriak ez duela balio izan plangintza eraginkorra egiteko.
• Biogaseko makroplanten aurkako plataformek talde parlamentarioei ekainaren 25eko osoko bilkuran bi urteko moratoria integrala onartzeko galdegiten diete.
Joan den ekainaren 2an, Nafarroako biogas makroplanten aurkako plataformen ordezkaritzak Nafarroako Parlamentuko Landa Garapen eta Ingurumen Batzordeak antolatutako Lan Bilkuran parte hartu zuen. Esku-hartze horretan, plataformek biometanizazioari buruzko proposamenak aurkeztu zituzten modu arrazionalean, planifikatuan eta demokratikoki ordenatuta ekiteko, egungo anabasaren aurrean. Eta horrek esan nahi du eragindako sektore guztiek parte hartu behar dutela eta lehentasuna eman behar zaizkiola interes sozialari eta izaera estrategikoak izan beharko lituzkeen lurzoruen, ibaien eta akuiferoen zaintzari zein lehen sektoreak elikagaiak kalitatez ekoiztu ahal izateari.
Parlamentuko talde guztiek onartu egin zuten iazko urriaren amaieran onartutako moratoriak ez dituela bere helburuak bete eta ez duela balio izan Nafarroako biogas ereduaren arazoa benetan konpontzeko. Moratoria horrek ez du ekarri izan lehen sektorearen eta, oro har, landa-munduaren beharrei benetan lotutako biogasaren eredu eraginkorra eta planifikatua.
Denbora aurrera doa. Gaur egungo moratoria bertan behera gera daiteke udaren ostean, eta orain lo dauden proiektuei eragingo die. Era berean, urriko moratoriatik kanpo geratu ziren hainbat proiektu airean daude oraindik. Horietakoren bat onartzen bada, oso larria izanen da. Gardentasunik gabe, eztabaidarik gabe, plangintza demokratikorik gabe eta inpaktuak aztertu gabe onartzen dena betiko geratuko da susmopean jendearen aurrean.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako biogas makroplanten aurkako plataformok honako hau jakinarazten diogu iritzi publikoari:
1/Parlamentuko talde guzti-guztiengana jo dugu, bi urteko moratoria erreala onar dezaten proiektu guztietarako, egungo moratoriaren barruan zein kanpoan egon.
2/Hainbat hilabetetako mobilizazioen, idazkien, bileren eta proposamenen ondoren, uste dugu parlamentuko taldeek arrazoi nahikoak dituztela moratoria integral bat deklaratzeko. Horretarako ekainaren 25eko osoko bilkuran ezin dute huts egin.
3/Kaltetutako herrietako karguei eta udal-ordezkariei zuzentzen gatzaizkie, haien alderdi eta arduradun politikoei helaraz diezaieten moratoria integral horren premia larria. Lehenago edo geroago, haien bizilagunen aurrean biogaseko makroplanten aurrean duten iritzia eta jarrera azaldu eta justifikatu beharko dute.
Nafarroako Stop Biogás plataformaren koordinakundea.