AHT nafarra ez da, ez erabilgarria ez errentagarria

Guaixeko logoaAHTaren lanak hasi dira Nafarroan, berau justifikatzen duen inongo ikerketarik gabe. 1999. urtean Sustapen Ministerioak “Nafarroako Abiadura Handiko Korridorearen eskakizun eta errentagarritasun ikerketa” izeneko azterketa sustatu zuen. Inork ez ditu ondorioak ezagutzen, argitaratuak izan ez direlako. 2010eko azaroan Nafar Gobernuak MECSA enpresari eskatutako txosten bat aurkeztu zuen, onurak baino jasotzen ez zituen txosten bat, korridorearen eragin kaltegarrien analisien gehitzea eragotzi zuena. Txosten honi buruzko titularrak baino ez direnez argitaratu, Sustraik Nafar Gobernuaren aurkako helegitea jarri du, ingurumen informazioaren eskuramen eskubideak urratu dituelako.

AHTaren errentagarritasun ekonomiko nahiz sozialari buruzko ikerketa ezean, Sustrai lan hori sustatu beharrean sentitu da. Hau dela eta Euskal Herriko Unibertsitateko ekonomialari eta ikerlari diren Roberto Bermejo, David Hoyos eta Alejo Etchartek egindako ikerketa aurkeztu du. Lan hau gure web orrian aurkitu daiteke bere osotasunean.

Txostena zabala da eta Estatu Espainiarrean AHT nola garatu den eta Nafarroan nola ezarri nahi den aztertzen ditu. Eraikitze, mantentze eta esplotatze kostu handiak direla eta bidaiari kopuru eskasak direla, Nafarroako AHTaren korridoreak ez duela izanen inongo errentagarritasun ekonomikorik ondorioztatzen du. Are gehiago, nabarmen defizitarioa izanen dela eta etengabeko diru-laguntza publikoa behar izanen duela. Hau dela eta ohiko tren sarearen eguneratzearen alde egiten du, bai bidaiariak bai salgaiak garraiatzeko, europar zabalerako bagoiak erabilgarri eginen lituzken “hirugarren errail” baten erabilera aztertzea ere proposatuz.

[Guaixe Sakanako Aldizkarian argitaratuta].