Sustrai Erakuntzaren ustez Nafarroa 2030 Ikusmuga Plan Energetikoaren zirriborroak suspentsoa merezi du

Artikulu hau irakurtzeko aurreikusitako denbora: 
8 min.

Gaur goizeko jardunaldiaren argazki bat...Sustrai Erakuntzaren ustez, Nafarroa 2030 Ikusmuga Plan Energetikoaren zirriborroak suspentsoa merezi du. Horrelako balorazioa egin dugu gaur goizean Civivox Condestablen antolatu dugun jardunaldian. Egindako ekitaldiaren balorazioaren testu osoa duzu hemen, eta egin ditugun eduki guztiak artikulu honetan.

Eta Info7 Irratian jardunaldia baino lehen egin zigun elkarrizketa bat entzun dezakezu ere gai honi buruz gehiago jakiteko:

Sustrai Erakuntzaren ustez, Nafarroa 2030 Ikusmuga Plan Energetikoaren zirriborroak suspentsoa merezi du

Historiaren ataka txar batean gaude: zailtasunak gero eta handiagoak dira, egungo krisi ekonomikoan islatzen diren moduan. Kapitalismoak gainditu ezineko mugekin egin du talka. Hazkundearen Mugak erabat baldintzatzen ari dira gure jendartea, MIT-eko zientifikoek, 1972an jadanik, adierazi zuten moduan. Duela hilabete gutxi, Parisen, estatuek onartu zuten aspaldiko partez agerikoa zena: erregai fosilen kontsumoa planetaren klima aldatzen ari dela. Dagoeneko biosferak ezin du guk sortutako CO2 gehiago xurgatu.

Bestalde, erregai fosilak eskuratzea gero eta zailagoa da: gero eta zulo sakonagoetatik edo arkaitz trinko eta zailagoetatik atera behar dute. Gauzak horrela, erregaiak lortzeko energia gehiago behar dutenez, jendartearentzako energia eskuragarria murrizten ari da.

Beraz, krisi ekonomikoak, besteak beste, bere baitan ingurumen eta errekurtsoen krisia biltzen ditu. Hala ere, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako 2030 Nafarroa Plan Energetikoaren zirriborroak ez ditu elementu horiek kontuan hartzen, eta ondorioz, arazo energetikoari ez dio heltzen behar bezala. Errealitate gordinetik kanpo kokatzen da, eta horregatik, gaur, irailak 3, horren aurrean hausnartzeko jardunaldi hau antolatu dugu. Azter ditzagun arazo horiek.

2012ko Plan Energetikoak argi eta garbi onartzen zuen Nafarroak elkargo autonomo eszedentea zela energia elektrikoaren sorkuntzari dagokionez: “Nafarroak biziki areagotu du sorkuntza elektrikoaren gaitasuna bi hamarkadetan. Gauzak horrela, 80. hamarkadan Nafarroa erabat menpeko baldin bazen, 2009an, aldiz, elektrizitatearen eskualde esportatzailea izatera pasatu zen, sortutako elektrizitatearen %39,12 esportatuz”. Beraz ezin argiago gelditzen zen Nafarroa gai zela kontsumitzen zuena baino elektrizitate gehiago esportatzeko. Hala ere, eta krisi ekonomikoak ekarri zuen kontsumoaren beherakadagatik, 2015ean Nafarroak 2009an baino %40 elektrizitate gutxiago ekoiztu egin zuen.

Orduan, hor zutik diraute instalakuntza guztiek, prestatuak eta erabilgarriak, baina “stand by”en. Orain aurkeztu den Plan Energetiko berriaren zirriborroan, aurreikusten da, “krisitik” ateraz gero, kontsumo elektrikoa urtero %2 igo eginen dela, nahiz eta aurrezpen eta energia-eraginkortasunerako neurriak indarrean jarri. Baina perspektiban jarrita, elektrizitatea sortzeko behar hori berdintzeko, nahikoa eta sobra izango litzateke 2009ko produkzioa ahalbidetu zituzten instalakuntzekin.

Kastejongo legez kanpoko zentral termikoek 2014ean Nafarroan sortutako elektrizitate guztiaren %8 baino ez zuten ekoiztu. Hau huskeria hutsa da. Atzera begira jarrita, zergatik eraiki ziren zentral horiek, Nafarroako jendartearen beharra asetzeko edo negozio pribatuak gizentzeko? Eta ez ahaztu: enpresa elektrikoentzako negozioa bizirik dago, kobratzen jarraitzen dutelako instalazioak prest edukitzegatik nahiz eta geldirik egon.

Zein da Plan berriaren ikuspuntua kontsumo elektrikoaren beherakadaren aurrean? Ba, are gehiago handitu, egun dagoen elektrizitate ahalmena ekoizteko. Zehazki, egungo potentzia eolikoa bikoiztea baimendu nahi dute. Eta “baimendu” diogu, hau, azken finean, inbertsio eta negozio pribatua baino ez delako.

Orain, egungo ahalmenarekin elektrizitate eolikoa sortzeko hainbat ordu eta egunetan, Nafarroan kontsumitzen den elektrizitatearen %100 instalazio berriztagarriek ekoiztua da. Eta urtean 100 egunetan gutxienez kontsumitu baino energia gehiago sortu egiten da eta Nafarroatik kanpora eramaten da. Produkzio berriztagarri hori garrantzi handikoa da errekurtso eta ingurumenaren krisiari aurre egiteko. Baina erne, datu hauek adierazten dute aldi berean, zaila izanen dela gehiago produzitzea orain arteko teknika berberekin.

Egungo potentzia eolikoa bikoiztuz gero litekeena ondokoa izanen da: haize egunetan elektrizitate eszedente handia sortuko dela, derrigorrez kanpoan saldu beharko dena. Arazoa ez da potentzia energetiko berriztagarri nahikoa ez izatea, baizik eta jarritako instalakuntza berriztagarriek dagoeneko behar baino elektrizitate gehiago sortzen dutela. Zer egiten da beraz haize-errota horiek gauez aritzen badira eskaera txikia denean?

Orain ez da berriztagarriekin elektrizitatearen produkzioa handitzeko unea; orain egin beharreko da, eta hori da Plan Energetikoak egin beharko lukeena, sistema ezberdinak hobeto ezarri hainbat ordutan dagoen soberazko energia erabilgarria aprobetxatzeko. Esate baterako, produkzioaren sistema aktiboak, metaketazkoak, konponbide hidraulikoak, aire konprimatuak, bektorialak,... Ezarri behar da I+G+B energia hori aprobetxatzeko eta ez gehiago ekoiztu. Hau ez bada egiten, Nafarroako jendartearen interes orokorrak kontuan hartu baino, bakarrik erreparatuko zaio interes pribatuari, berriro ere martxan jartzeko negozio eolikoaren bigarren sukarraldia.

Aurreikusitako tamaina handiko parke eolikoen hazkundeak ez du lortzen energia ez berriztagarrien produkzioa murriztea. Ikusi besterik ez dago Plan Energetikoak nola ez duen proposatzen Kastejongo legez kanpoko zentral termikoak itxiera. Are okerrago, Planak subestazio elektrikoak (Dekaztelu eta Ezkabarte) eta goi tentsioko linea berriak Gipuzkoarantz (Itxaso) edo Frantziarantz (Cantegrit) ezarri nahi ditu. Laburbilduz, Planak produkzio zentral handiagoak (haize zein gasaren bidez), produkzio elektriko eszedentea eta elektrizitate hori saltzeko goi tentsioko lineak ekarriko ditu.

Hala, argi dago Nafarroan energia elektrikoetarako instalazio gehiago nahi baldin bada luzamendu edo moratoria delako bat ezarri beharko litzakeela eta energiaren kontsumoa eta sortzea jaisteko planifikazioa ezinbesteko dela. Baina tamalez hau ez da egiten. Alabaina, planaren zirriborroak dakartzan galdera askoren erantzunak etsigarriak dira. Pertsonen eta merkantzien garraioa dela eta hitzez hitz hauxe dio: “pertsonen mugikortasuna ekonomiarekin zuzenki lotuta dago, beraz ekonomiaren egoera suspertzen den heinean mugikortasunaren handitzea aurreikusten da”. Planak ibilgailu alternatiboen erabilera sustatu nahi du, konkretuki batzuetan planak auto elektrikoen salmenta bultzatzeko plan bat dirudi; diru-laguntzak auto elektrikoentzat, deskontuak bidesarietan, IAT-an, zirkulazio zergan, etabar. Eta trena zer? 400 orrialdeetan deus argirik esaten ez duten bi lerro baino gutxiago agertzen dira. Pentsa dezakegu beraz Prestazio Handiko Trenaren (AHT) proiektu zaharraren promozioarekin, Etxabakoitzeko geltokia egitearekin eta Tafallako geltokiaren desagertzearekin aurrera segituko dutela. Garraioaren inguruko planifikazioak ez al du garrantzirik, batez ere Nafarroako trenbidea dela eta? Energiaz hitz egin nahi bada, gai hau ez da ezinbestekoa?

Era berean, ez da lehen sektoreaz hitz egiten. Ureztatzaileen komunitateak sustengatzea ezinbestekoa izan beharko litzateke, uraren aurrezteko planak eta dauden ureztatze sistema tradizionalen birgaitzeak bultzatuz. Eta baita apustu garbi bat eginez, Nafarroak, kontsumitzen dituen elikagaiak ekoiztu ditzan, hurbileko nekazaritza sostengarria lagunduz, zehazki nekazaritza ekologikoa. Gauzak horrela, gainera energia ere aurrezten delarik. Bailaraz bailara, elikaduraren eta energiaren burujabetzarantz doan plan bat bultzatu eta bertan diru publikoa inbertitu, ekonomia parametro lokaletan aktibatzeko.

Planak puntu klabe bat ahazten du basoko biomasaren ustiapen energetikoaz hitz egiten duenean. Zein da benetan, biodibertsitatea errespetatuz eta hobetuz, Nafarroako basoko biomasaren potentziala? Zehaztuta al dago, bailaraz bailara, herriz herri, zenbat tona urteko, zein espeziea eta nondik atera daitezkeen betiere biodibertsitatearen oreka errespetatuz? Aspektu hauek zehazten ez badira basoko biomasaren sustapena azkenean berriztagarria ez izatera eramango luke.

Energiaren sorkuntzaren inguruko bi ikuspegiren arteko borroka baten aurrean gaude: gaur egun indarrean dagoen eredu zentralizatua eta askoz ere demokratikoagoa den eredu deszentralizatu, zuzen, erredundante, seguru, eraginkor eta ingurugiroarekiko lagunkoiaren artekoa alegia.

Hau guztiagatik, Nafarroan energiaren produkzio eta garraiorako azpiegitura gehiago ez direla behar pentsatzen dugu. Plan energetikoak burujabetza energetikora daraman bidea jorratu beharko luke. Alternatiba berriak sortzeko garaia da. Beraz, energia sortzen duen industria eta ingurugiroa kaltetzen duten sistemak frenatu behar ditugu.

Energia garbi, deszentralizatu, berriztagarri eta eragin txikikoen garapenaren inguruko planifikazio demokratiko bat aurrera eraman beharrean gaude. Energia interes publikorako azpiegiturak behar dituen ondasun komuna al da edo lurraldeetatik dabilen merkantzia? Hau al da “Nafarroako plan energetikoa” edota “Nafarroan sustatu nahi den plan energetikoetako bat?

Energiaren errealitatea aldatzeko gakoa aldaketa sozialean datza, hau da, energiaren aurreztean. Energiaren sorkuntzan burujabeak izateko bide eraginkor bakarra kontsumoaren gutxitzean datza, ezinbesteko pausua baliabideena gortzearen aurrean.

Nafarroan, 2016ko irailaren 3a.

SUSTRAI Erakuntza Fundazioa
www.sustraierakuntza.org eta www.fundacionsustrai.org
sustraierakuntza@gmail.com

Gaur goizeko jardunaldiaren argazki bat...