Sustrai Erakuntzak uste du Nafarroan sustatu behar diren hondakinak kudeatzeko plantak txikiak eta apalak izan behar direla

Artikulu hau irakurtzeko aurreikusitako denbora: 
5 min.

Iruñerriko Mankomunitateak orain Gongoran duen azpiegituraren argazkia, zabortegia barne...Duela gutxi Nafarroako Gobernuak onartu du Hondakinen Foru Legearen proiektua, une honetan Parlamentuan dagoena berrespenaren zain. Lehenago hainbat pertsonak eta elkartek (Ekologistak Martxan, Greenpeace edo Compañia de las 3 Erres, besteak beste) aukera izan zuten haien iritziak emateko irekitako herritarren parte hartze prozesuan...

Beraz, lege hau hausnarketa kolektibo baten emaitza da, aurreko Nafarroako Hondakinen Plana bertan behera geratu ondoren, Sakanako Mankomunitateak eta Sustrai Erakuntzak jarritako errekurtso judizialari esker. Gogoan hartu baliogabetutako Plan hartan erraustegia jotzen zutela hondakinak tratatzeko metodo bakartzat. Horren ondotik, eta Plan berria onartu ahal izateko, parte hartze prozesu luze bat ireki zen. Bertan ondoko ildoak jorratu ziren Nafarroako hondakinak kudeatzeko: erraustearen gaitzespena, hondakinen osagai ezberdinen bereizketa jatorrian egiteko bultzada eta, azkenik, hurbiltasunaren printzipioa, mankomunitateei proposatuz tamaina txikiko plantak eraikitzeko hondakinen sorreratik gertu.

Neurri handi batean kontsentsu hauek lehendabizi gauzatu ziren Nafarroako 2017-2027 Hondakinen Planean, eta geroxeago, orain ezbaian dagoen Hondakinen Legean. Hala ere, hurbileko tratamenduaren inguruko puntua ez dago behar bezala jasota aipatutako bi dokumentuetan.

Hondakinen Planari dagokionez, egiazta dezakegu ez dagoela inongo aurreikuspenik Iruñerriko errefusa tratatzeko Iruñerrian bertan, eta horren ordez, proposatzen dute errefusa bidaltzea beste planta batzuetara: esate baterako, 100 km-etara dagoen  Tuterako  El Culebretera (Planaren 6.3.3.1.3 puntua). Baina, batez ere, eragin hau somatzen dugu frakzio organikoaren konpostajea planifikatzeko orduan. Iruñerrirako tamaina handiko planta eraiki nahi dute, 50.000 tna/urteko (6.3.3.1.1 puntua).

Kontuan hartu beharra dago Iruñerriko Mankomunitatea biztanle gehien biltzen duen mankomunitatea dela, 300.000 tik gora, Nafarroako biztanleen erdia ia-ia. Beraz, berau da Nafarroan hondakinen kopururik handiena kudeatzen duena.

Bestalde, Hondakinen Foru Legeak agintzen du Ente bat sortu beharra dagoela Nafarroako hondakinen trataera egokia  zaintzeko. Halabaina, Ente honi hondakinak garraiatzeko funtzioa ere eman egiten zaio.  Gisa honetan, mankomunitateen funtziorik garrantzitsuenak Ente honi pasarazten zaizkio, eta hortaz, kudeaketa herritarrengandik urrundu egiten da hurbildu beharrean. Beraz bultzatu egiten da hondakinen garraioa Nafarroan, hondakinak tratatzeko azpiegitura konplexuak eta garestiak sustatuz edo mantenduz, El Culebreten gertatzen den moduan.

Honela, ikusten dugu nola bihurritzen den hondakinen gaineko legedia planifikaziotik bertatik, Hondakinen Zuzentarau Markoa eta Hondakinen Kudeaketarako Plan Estatala (PEMAR). Aipatutako testuek ondoko printzipioak finkatzen dituzte: Hurbiltasuna eta Buruaskitasuna, lehentasuna emanez tokian tokiko hondakinen kudeaketari, ahalik eta gehien saihestuz  horien garraioa. Adibidez, PEMAR-ek ezartzen du tratatzeko instalazio berriak hondakinak sortzen diren tokietatik egon behar dutela, tamainaz hondakinen kopuruaren araberakoak izan behar dela eta, beti ere, planten hondakinen garraioa murriztuz.

Legeek diotenaren kontra, ematen du Nafarroan planifikazioak Iruñerriko hondakinak tratatzeko tamaina handiko planta baten eraikuntza ekarriko duela, orain gutxi onartu bezala egunkarietako artikulu honetan. Artikuluan irakurri dezakegu Mankomunitateak aurreikusten duela planta bakar bat eraikitzea berezitako materia organikoa (zakarrontzi marroia), ez berezitutako hondakinak edo errefusa (zakarrontzi berdea) eta ontzien frakzioa (zakarrontzi horia) tratatzeko.

Beraz erraz egiazta daiteke planta bakarraren aurreikuspena. Aipatutako albistean aipatzen da planta honek 93.772 Tna / urteko  tratatuko lituzkeela (hondakin organikoak, errefusa eta ontziak). Kontuan hartuta 2016an Iruñerriko Mankomunitateak 102.236 tona bildu zituela, erraz ondoriozta daiteke planta berriak gaitasuna izanen lukeela hondakin guztiak tratatzeko. Gauzak horrela, Hondakinen Plana beteko da, baina erabat zokoratuta geldituko da planta txikien proposamena.

Horretaz gain, planta berriaren deskripzioaren arabera, honek bilduko luke ontziak tratatzeko aukera. Esan beharra dago dagoeneko Iruñerriko mankomunitateak baduela ontziak tratatzeko planta bat Gongoran, eta aipatutako artikuluan esaten da langileak egungo plantatik planta berrira pasako direla. Sustrai Erakuntzak ez du ulertzen zergatik eraiki behar dira instalazio berriak, egun daudenek egoki betetzen badute beren lana.

Antza denez, ematen den arrazoia da errefusa zein ontzien tratamendua instalazio berean eginen dela, makina berberak erabiliz. Zinez zaila zaigu esatea zenbateraino hori posible  den edo arazo berrien iturburua ote den. Baina bai ikusten dugula “erreziklajea”-ren kontzeptua arlo guztietan aplikatzeko beharra. Ikuspegi honetatik, lehenago aztertu behar da egun diren makinaria eta instalazioak aprobetxatzea, planta berri bat eraikitzea baino lehen.

Beraz, ematen du hondakinak kudeatzeko planta handi baten proposamenaren azpian dagoena, holaxeko plantak kokatzeko tokiak aurkitzeko zailtasuna dela. Tramitazioa errazteko, egungo kudeatzaileek lehenetsi dute kokagune bat eta bakarra bilatzea planta berri bat egiteko.

Jakin badakigu hondakinak tratatzeko plantek sortarazten dutela arbuioa jendearen artean. Eta hori onartu beharra dago holako plantek ingurumen arazo larriak eragin dituztelako. Baina aldi berean onartu beharra dago arazo hauek larritu egiten direla planten tamainaren arabera. Hortaz, planta txikien instalazioak kudeaketa erraztu eta arazoak mugatzen ditu. Errezagoa izan beharko litzateke planta txiki hauentzat kokagune egokiak aurkitzea, eta horrekin batera, herritarren ulermena lortzea.

Esanak esan, kezkaz ikusten dugu  Nafarroako Gobernuaren zein Iruñerriko Mankomunitatearen hondakinen inguruko planifikazioak bazterrean uzten duela egungo araudiaren gomendio garrantzitsuenetariko bat: hondakinak kudeatzeko planta txikien eraikuntza, sortzen diren tokietatik hurbil. Hau are garrantzitsuagoa da hondakin organikoen kasuan, berez dakartzaten arazoengatik (usain txarrak, lixibiatuak,..). Konpostajerako planta txikien eraikuntzaren abantaila begi bistan dago: hurbiltasuna, maneiatzeko errazagoa eta arazoen kopuru murritzagoa.

Sustrai Erakuntza Fundazioaren aburuz, Nafarroan urrats positiboak eman dira hondakinen kudeaketan, baina lausoturik gerta daitezke. Berriz ere bultzatzen da hondakinak tratatzeko planta handien joera, arazoak biderkatzen dituena.. Begiratu baino ez da egin behar El Culebreten gertatzen denarekin. Instalazio hauetan Nafarroako errefusa gehiena tratatzen da, Iruñerrikoa eta Lizarraldekoa izan ezik. Eta instalazio hauetan sortzen diren arazoak oso ezagunak dira.

Sustrai Erakuntzak bat egiten du goian aipatutako erakunde ekologistekin hondakinen kudeaketan aldaketa aldarrikatzeko orduan. Nafarroan behar ditugu azpiegitura txikiak, apalak eta sostengarriak. Eta honek ere balio beharko luke du Iruñerriko Mankomunitatearentzat.

SUSTRAI Erakuntza Fundazioa
www.fundacionsustrai.org - www.sustraierakuntza.org
sustraierakuntza@gmail.com