Sustrai Erakuntzak Nafarroan garraioa aztertzeko batzorde bat sortzea eskatzen dio Nafarroako Parlamentuari

Artikulu hau irakurtzeko aurreikusitako denbora: 
4 min.

Logo transporteSustrai Erakuntzak Nafarroako garraio sektorea sakonki aztertu behar dela uste du. Eta helburu hori gauzatzeko Nafarroako Parlamentuari Batzorde bat osatzeko eskatu diogu... Eta Parlamentuak batzordea eratzea onartu du!! Ondoren batzordea onartzeko Parlamentuan edukitako debatearen bideo ikusi, irratian egin diguten elkarrizketa bat entzun, eta prentsa oharra osoa irakurri dezakezu...

Prentsa oharra irakurri baino lehen, hemen dituzu:

  • Nafarroako Parlamentuaren ponentzia onartu duen debatearen bideoa (gaizki ikusten da, baina entzun bai entzuten dela, bigarren minutuan asten da debatea):

Garaiak aldatzen ari omen dira (eta ez soilik Nafarroako Gobernuaren norabidea aldatu delako). Sinatu berri da Aldaketa Klimatikoari buruzko akordioa. Akordio honek, garrantzitsua eta beharrezkoa izateaz gain, ezinbesteko aldaketak eragingo ditu jendartean, aztertu eta inplementatu beharko direnak. Garraioa adibide ezin argiagoa dugu, kontuan hartuta mendebaldeko jendarteetan egiten dugun erabilera eta, zergatik ez, gehiegizko erabilera. Ezinbestekoa da garraioak eta mugikortasunaren inguruko planifikazioa eztabaidatu eta zehaztea, baita Nafarroan ere, eta bereziki, trenaren inguruan. Hauxe da gure eskaeraren helburua, atzo Nafarroako Parlamentuan erregistratu genuena.

Nafarroako Gobernuak, munduko beste 100 eskualdeekin batera, konpromezua hartu du negutegi efektuko gasen isurien %80 murrizteko 2050rako. Horrela bat egiten du Parisen  Aldaketa Klimatikoari buruzko Nazioarteko Gailurrean lortutako akordioarekin. Negutegi efektuko gasak murrizteko orduan, Nafarroako Gobernuak ondoko eremuak aipatzen ditu neurriak inplementatzeko:

  • biohondakinen %75-a birziklatu,
  • baso azalera kontsolidatu,
  • energia berriztagarrien alde apostu egin,
  • isuri gutxiago sortzeko mugikortasun sostenigarria bilatu.

Nafarroako azken balantze energetikoaren arabera (2013an egina), kontsumo energetiko handiena garraioa eta industria sektoreetan ematen da. Beraz, beharrezkoa da sakonki aztertzea Nafarroako garraio sektorea, kontuan hartuta mugikortasun sostenigarriaren bueltan hartutako konpromezua.

Duela gutxi Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu du mozio bat eskatuz Nafarroako Gobernuari lehiaketara ateratzea Erriberako hainbat tokietako garraio kontzesio berriak. Onartutako mozioan, besteak beste, Gobernuari eskatzen zitzaion 2017an gainontzeko kontzesioen planifikazioa egin, parte hartze publikoa sustatu, tramitazioa eta lehiaketara ateratzea. Gauzak horrela, Gobernuari eskatu egin zaio herrien arteko garraioa aztertzea eta planifikatzea, parte hartze publikoarekin, 2016an, gero 2017an horren gaineko erabakiak hartzeko.

Aldi berean, ematen du Nafarroako Gobernua prest dagoela hainbat azterlan egiteko trenbide garraioari buruz, duela gutxi egunkarietan azaldu dutenez. Zehazki, berri horien arabera, Gobernua prest dago ondokoa aztertzeko:

  • bidaiariak eta merkantzien garraioaren eskariak eta ahalmena Nafarroan ertain zein epe luzean.
  • nazioarteko zabalerako trenen zirkulazioaren aukerak Noain eta Euskal Y ren artean, 3. erraila erabiliz.
  • Iruñeko egungo geltokiaren etorkizuna, Etxabakoitzen jartzeko aukera barne.

Arestian aipatu bezala, garraioa energia kontsumitzaile handia da, eta beraz, negutegi efektuko gasen arduradun ere bai. Beharrezkoa da gas horiek gogor murriztea, eta horretarako, bideko garraioaren ordez, trenbideko garraioa bultzatu behar da. Horrela, erregai fosilen kontsumoa apalduko  da, eta aukera emanen du trenak behar duen elektrizitatea energia berriztagarrien bidez kontsumitzeko.

Hala ere, garraioaren egoera Nafarroan ez da oso argia. Alde batetik, Erriberan Abiadura Handiko Trenaren zati bat egina dago Castejon eta Villafrancaren artean. Baina, ez du ematen momentuz azpiegitura honek aurrera eginen duenik. Bestalde, proposatu da aztertzea ze aukerak dauden lotzeko trena iparraldetik eta Iruñerriko trenaren ibilbidearen aldaketa. Baldintza hauetan, gerta daiteke etorkizunean topo egitea azpiegitura ezberdinen lanekin, iparraldean eta hegoaldean, beti ere, erabaki gabe zein tren eredua behar dugun eta zertarako.

Hau guztia azaldu ondoren, uste dugu Nafarroako Parlamentuak ondoko hilabeteotan azterketa serio bati heldu behar diola gure jendartearen mugikortasunaren inguruko beharrei buruz, bereziki, garraioari buruz. Eta uste dugu alternatibarik onena izanen litzatekeela sortzea batzorde  bat parlamentuan, 2016an zehar aipatutako gaiak aztertu, eta 2017an azterketa honen ondorioak eta erabakiak gauzatzeko.

Sustrai Erakuntza Fundazioak ekarpen hau egiten du eztabaida mamitsu eta sakona egin dadin Nafarroako garraioaren beharrak eta aukeren gainean. Eta gure laguntza eta asesoramendua eskeintzen diegu lan hau aurrera eramateko bai parlamentuko talde bakoitzari, bai parlamentu osoari egoki ikusiz gero.

SUSTRAI Erakuntza fundazioa
www.fundacionsustrai.org eta www.sustraierakuntza.org
sustrai@fundacionsustrai.org