Sustrai Erakuntzak, Nafarroako AHTaren Castejon-Cadreita bidegunea eraikitzeko lanak direla eta

Abiadura Handiko Trenaren lanakCastejon eta Cadreita arteko bidegunerako Prestazio Handiko Trenaren lanen berehalako hasiera dela eta, Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroako Gobernua aurrera iheska dabilela uste du. Indarrean dagoen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluaziorik (IEE aurrerantzean) ez dauka proiektuak eta kontu hau epaitegietan salatua dagoenez, Sustrai Erakuntza fundazioak jardueraren gauzatzeak duen ziurtasun juridiko eza salatu nahi du.

2004ko abuztuan onartutako AHTaren bidegune ezberdinen IEEn baliotasun ezak bultzaturik, 2011 urte hasieran, Sustraik helegite bat aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean. Proiektuen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio legearen arabera, 1/2008 Errege Dekretu Legegilearen 14. artikulua, IEEek duten 5 urteko iraupena agortua zegoela salatzen genuen helegiteetan. Ondorioz, Nafarroan AHTak ez dauka eguneratutako IEErik, ingurumen legedia hautsiz eta lanen gauzatze aurreikuspena egoera araugabean utziz.

Sustrai Erakuntza fundazioak IEEn iraungitzeen legezko aurreikuspena logikotzat jotzen du. Ingurumen azterketa hauek denborazko marko fisiko zehatz eta aldakor batek definituak daudela hartu behar da kontuan. Beraz, denbora pasa ahala zaharkituak geratzen dira. 2004an proiektua aurkeztu zenetik gure ingurumen egoera (ekonomikoa ez aipatzearren) aldatu dela begi bistakotzat jotzen dugu. Horregatik, legediak eskatuko ez balu ere, IEEen eta proiektu osoaren gaurkotze bat beharrezkotzat jotzen dugu.

2011ko Azaroan Nafarroako Gobernuak zioenez, bazuten txosten bat non IEEen oinarriak egiteko baliatutako oinarrizko elementuetan ez dela funtsezko aldaketarik eman esaten den. Nafar Gobernuko prentsa oharra ikusi. Aipamen honek Auzitegi Nazionalean bideratzen ari diren diligentzien aurrean AHTaren bultzatzailearen kezka baino ez du salatzen. Baina nork ezagutzen du txosten hau? Non argitaratu dute txosten hau? Kasu honen izapideak egin dituen Auzitegi Nazionaleko aretora ez dela Nafarroako Gobernuak aipatzen duen txosten hau iritsi egiazta daiteke.

Beraz, Nafarroako Gobernua egungo lanak beharrezkoa den lege estaldurarik gabe bultzatzen ari dela uste dugu. Hala, justizia epaitegiek indarrean IEErik ez dagoela eta ezarritako helegitea onesteko aukera handiak daudela ikusten dugu. Honek, abiadura edo prestazio handiko korridorearen lan guztiak gelditzea ekarriko luke, eta ondorioz, kalte handia berriz ere administrariek amaitu gabeko lanetan dirua xahutzen ikusiko lituzketen nafar jendartearentzat.

Gainera, AHTak jada, justifikatzea zaila den izugarrizko diru xahuketa dakar. Nafarroan osorik eraikitzeak 3.000 milioi euro baino gehiago kostako da, eta oraingoz, diru hori guztia Nafarroa bakarrik ari da jartzen. Aipatutako kopuruari, diru hori aurreratzearren Nafarroako Gobernuak eskatutako diruaren interesak diren 45 milioi euro gehitu behar zaizkio. Gastu honetan sartu gaituzte, nahiz eta Estatuak Nafarroako AHTa eta Estatuko sarea elkartuko lituzkeen Castejon eta Zaragoza arteko lotura nola eginen duen zehaztu gabe duen oraindik.

Azpiegitura honek gure lurraldeko ingurumenean izanen dituen eragin garrantzitsuak gogoraraztea ere beharrezkoa da. Hesi efektu garrantzitsua eraginen du Nafarroan, bai basabizitzari dagokionez, bai lurrari loturiko jarduerak dituen orori ere. Bertako bioaniztasunean ageriko garrantzia duten habitat naturalen suntsitze eta zatitzea eraginen du, ingurumen babesa duten eremuei erasanez. Ebro ibai gainean eraikiko litzatekeen biaduktuak Soto Alto EN-24 enklabe naturala zuzenean erasanen luke. Horri azpiegitura eginen balitz hainbat herrik jasan beharko lituzketen zarata eta bibrazio maila altuak gehitu beharko litzaizkioke. Tarte honetan adibidea Cadreitan dugu, trazatutik 600 metro eskasetara, ondorio negatiboak gaur egun autopistak sorrarazten dizkienei gehitu beharko lizkieke.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, Sustrai Erakuntza Fundazioak proiektu honen inguruko lan guztien eta administrazio tramiteen berehalako etetea eskatzen du, epaitegiek atzeman diren hutsune juridikoak argitu arte behintzat.

Sustrai Erakuntza Fundazioa
Telefonoa: 622 18 19 69
Helbide elektronikoa: sustrai@sustraierakuntza.org