Sustrai Erakuntza Fundazioa, Nafarroan tren konbentzionala hobetzeko, baina AHTa eraikitzen jarraitzeko proiektuaren aurrean

    es 22 Mai 2013 - Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    KartelaNafarroako tren korridorearen proiektua erabat aldatu du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Sustapen kontseilari Luis Zarraluki Nafarroako Parlamentuan agertu eta gero. Egin zuen agerraldiari so egiten badiogu, argi ikusiko dugu trenbideak bikoizteko aukera jartzen duela mahai gainean, behintzat, Castejon eta Iruñerria arteko zatian.

    Alde batetik, eta berrikuntza gisa, Zarralukik proposatu zuen egungo Cortes eta Ziordia arteko trenbide nafarra hobetzea, eta, horrela, bide hori baliatu ahal izatea egungo trenek, iberiar zabaleran, bai eta abiadura handiko trenek eta salgaiak garraitzekoek ere, nazioarteko zabaleran. Gainera, Sustapen kontseilariak erran zuen abiadura handiko trenbide bat eraikitzeko lanek aurrera jarraituko zutela. Trenbide horrek hartuko luke bakarrik Castejon eta Campanas arteko zatia, eta tren konbentzionalaren bidearekiko paralelo izanen litzateke.

    Sustrai Erakuntza Fundazioak uste du inbertsioak egiteko ahaleginak bikoizteko modu horrek kalte egiten diola Nafarroako ekonomiari, eta herrialde horretako ingurumena suntsitzen duela.

    Ekonomiari kalte egiten dio behar ez den diru xahutzea ekartzen duelako, ez baitio garraio sareari inolako mesederik egiten. Gutxieneko inbertsio batekin egungo trenbideak egokituz gero, bidaiarik eta salgaiak garraiatzeko behar guztiak ase ahal izanen dituzte, zabalera konbentzionalean, bai eta nazioarteko zabaleran ere. Eta hori guztia, gastu nahiko apala eginez. Zarralukik parlamentuan errandakoari so eginez gero, hirugarren erraila jartzeko lanen kostua bi milioi euro artekoa bada kilometroko, Cortes eta Ziordia arteko 185 kilonetroko zatiarentzat kostu osoa 370 milioi eurokoa izanen litzateke. AHTa eraikitzeko lanek, berriz, bakarrik Castejon eta Campanas artean, 675 milioi euroko aurrekontua dute, ia bikoitza, 70 kilometro eskaseko ibilbidearentzat.

    Baina jarraitu behar dugu aztertzen inolako funtzio sozialik ez duen azpiegitura baten kostua zenbatekoa den, ez baitu inolako interes punturik. Castejon-Campanas arteko AHTak, 675 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 69,89 kilometroko luzerarekin, kilometroko 9,65 milioi euroko kostua du. Aurreikusitako aurrekontua apala da, Espainian eraikitako AHTaren kilometroko kostuarekin alderatuz gero, 10 eta 20 milioi euro artekoa baita. Horrela, kostuen desbideratzeak ez dira amaituko Nafarroan, AHTa eraikitzeko lan eroekin aurrera jarraitzen badute, aurrekontua hagitz apala baita, nahiz eta kopuru hori emateko justifikaziorik ez egon.

    Ez da hori, hala ere, Nafarrroko trenbide lan publikoen arloan dagoen erokeria bakarra. Zarralukik iragarri zuen ere Iruñeko auzo Etxabakoitzen AHTarentzat geltoki berria eraikiko zutela, eta egungo tren kiribila kenduko zutela. Geltokiko eraikina egiteko aurrekontua “apala” nahi zuen Zarralukik, 26 milioi eurokoa gehienez ere. Adifek, ordea, milioi bat euro gastatzea erabaki du orain, Sanduzelaiko egungo geltokia hobetzeko. Obra horiek esleitu egin dituzte jada, esta espero da azarorako amaitzea. Sustrai Erakuntzak uste du alferrikako gastua dela hori. Ezberdina izanen litzateke egoera asmoa balitz azpiegitura ez egitea eta egungo trenbideak eta geltokia erabiltzen jarraitzea.

    Gainera, Abiadura Handiko Trenak mantenimendurako gastu handia behar du, ongi funtzionatu ahal izateko. Uste da urteroko gastua mantenimendurako 100.000-200.000 eurokoa dela kilometro bakoitzeko; horrek erran nahi du atzean kontratu mamitsua egon daitekela, eta, aldi berean, justifikaziorik ez duen diru xahutzea. Nafarroako Gobernuko politikariek, orain arte, AHTa eta bertze hainbat azpiegitura eraikitzeko lanak baliatu dituzte garapenaren ikur gisa, baina errealitatea bertzelakoa da, lan horiek espekulazioaren paradisu bilakatu dira, eta gutxi batzuen aberastea ekarri dute itzaleko ordainsariaren bidez. Gaur egun, gainera, lan horiek diru xahutzearen ikur dira, gizarte gaietan murrizketak egiten dituzten bitartean. Urte luzez, azpiegiturak eraikitzeko lanek (ez haien erabilerak) adreiluaren eta porlanaren burbuilari haizea eman diote. Aldi berean, lan horiek ordaintzeko nafar guztion zorrak finantza merkatuetako espekulazioa bultzatu du.

    Erran bezala, Nafarroan behar ez dugun AHTaren eraikuntzak ingurumenean eragin dituen kalteak aztertzea ere beharrezkoa da. Bere bide laburrean Nafarroako AHTak hainbat natur eremuri kalte garrantzitsuak eragiten dizkie:

    • Ebro ibaiari, Castejonen eta Valtierran. Hor 500 metroko zubi egin beharko lukete, eta Soto Alto natur eremuari eraginen lioke, eta, ziurrenik, bai eta Soto Giraldelli eremuari eta Europarentzat Interesa Duen Ebro Ibaia Tokiari ere.
    • Escudera putzuari, Alesbesen. Natur Eremua da hori, eta Europarentzat Interesa Duen Tokia.
    • Aragon eta Arga ibaien beheko zatiei, Martzillan. Hori ere Europarentzat Interesa Duen Tokia da.
    • Tafallako Monte Planori eta Juncal urmaelari. Lehendabizikoa habitat naturala da, arteek eta erkametzek osatua. Espazio hori lubaki batek zeharkatuko luke, ziurrenik. Lubaki hori tunel faltsu bilakatuko litzateke gero. Juncal urmaela Naturgunea da, uretako hegaztienatzat garrantzi handikoa.

    Ikus daitekeenez, lanek kalte egindako espazio gehienak babestutako uretako hegaztien habitataren zati dira. Hegazti horietako hainbat dira: txilinporta, kpetazuria, lertxun gorria, amiltxori txikia, bernagorria… eta bertze hainbat espezie. Espazio horietan badira, halaber, landare mota garrantzitsuak, zuhaitzak eta belarrak. Haietako hainbatek hezeguneetan baino ez dute aurrera egiten.

    Dena den, ezin ditugu bakarrik aipatu babestutako ekosistemak ingurumenaren ikuspuntutik beharrezkoa ez den azpiegitura honi ezetz errateko. Abiadura Handiko Trena energia eta lehengaiak xahutzen dituen garraio mota bat da. Energia anitz kontsumitzen du (AHTak 300 kilonetro orduko abiadura du, eta Tuteraren gisako 25.000 biztanleko herri baten mailako energia gastua du), tren konbentzionalak baino anitzez ere gehiago; beraz, AHTaren garapenak balio du Castejongo legez kanpoko zentral termikoei eusteko, bai eta eragin handia duten goi tentsioko lineei eusteko ere.

    Gainera, AHTa jada muga efektu garrantzitsua sortzen ari da lanak martxan diren tokietan, Nafarroan. Lurra lantzen duten pertsonei eragiten die horrek, bai eta faunari ere. Efektu horrek gora egiten du, espazio ia berean Nafarroako autopistaren gisako bertze azpiegitura zuzenak badirelako. Landa eremuan eragiten diren ondorio horiek ez dira bakarrak. Valtierran eta Arguedasen, adibidez, berriki lursail zatiketa egin den eremuan eginen dituzte AHTaren lanak. AHTaren diru xahutzea berez nahikoa ez bazen, lanen ondorioz lursailen zatiketa hori erabili gabe ere moldatuko dute.

    Halako arrazoiengatik, Nafarroako AHTaren proiektua egin zuteneko baldintza fisikoak aldatu direlako, Sustraik helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean, proiektuak ingurumenean eraginen lukeen kalteari buruzko adierazpenak jada baliorik ez dutelako. 2004Ko abuztuan onartu zituzten. Helegitean aipatzen zen txosten horiek bost urtez egoten direla indarrean, eta epe hori agortua zegoela jada. Horregatik, aztertu behar da ea proiektua egiteko baldintzak indarrean diren egun. Horrela, Nafarroako AHTaren proiektuak ez du ingurumenean eraginen lukeen kalteari buruzko adierazpen eguneratua . Beraz, ingurumen legea ez da betetzen, eta obrak egoera irregular batean gelditzen dira.

    Arrazoi horiengatik guztiengatik, Sustrai Erakuntzak uste du Castejon eta Campanas arteko AHTaren zatiari ezezko biribila eman behar zaiola. Egindako lanak obra guztien zati txiki bat dira, eta bertan behera uzteak ez du ekartzen ingurumenean eta ekonomian eragin handirik. Hori dela eta, Sustrai Erakuntza Fundazioak herritarrei deia egin nahi die Tafallan hilaren 25ean eginen duten manifestazioan parte hartzeko. 19:00etan hasiko da, Nafarroa plazan.

    Oraindik ere zentzugabekeria hau gelditzeko garaiz gara. Orain, inoiz baino arrazoi gehiagorekin, geldiarazi dezagun AHTa. Trenari bai. AHTari ez.

    Nafarroan, 2013ko maiatzaren 22a

    Sustrai Erakuntza Fundazioa
    Telefonoa: 622 18 19 69
    Helbide elektronikoa: sustrai@sustraierakuntza.org
    Webgunea: www.sustraierakuntza.org