Olaztiko Cementos enpresan hondakinak erretzeko planaren kontra herritarrek alegazioak aurkezteko bidea jarri du 3 Mugak Batera plataformak

Olaztiko Cementos Portland enpresaCementos Portland Valderrivasek (CPV) "erregai alternatiboak" erabiltzeko Nafarroako Gobernuari Ingurumen Baimen Bateratu berria eskatu dio. Bere aldetik, Nafar Gobernuak Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala bezala izendatu du CPVko egitasmoa. Hiru Mugak Batera plataformak bi egitasmo horien tramitazioa bertan behera uzteko eskatuz 11 alegazio aurkeztuko ditu. Eta herritarrak gauza bera egitera gonbidatu ditu, bai Olaztin egin zen manifestazioan, bai beste leku eta momentu batzuetan. Aurkeztuko diren alegazioak, 3 Mugak Batera plataforma, Sustrai Erakuntza eta beste talde eta pertsonaren laguntzarekin egindakoak dira. Artikulu honetan alegazioaren laburpen bat aurkezten dugu, eta baita alegazioaren testu osoa PDF formatuan lortu dezakezu (116 Kb, erderaz).

Hasteko CPVk Olatzagutirako aurkeztutako memorian biomasa erretzeko aukera ez duela jaso nabarmentzen du plataformak. Erregai gisa %24,12 bestelako hondakinak erabili nahi dituela dio CPVk, plataformaren susmoa da beste porlandegi batzuetan bezala hondakinak erregaien %60 inguru izatea. Beste alegazio batek zalantzan jartzen du egin asmo dena hondakinak balioztatzea den edo haiek deuseztatzea. Bata edo bestea den jakiteko erreko diren hondakinen energia gaitasuna ezagutzea ezinbesteko jo du, eta porlandegiak ez du zehazten datu hori.

CPVk erreko dituen hondakinak berriztagarriak direla azaldu zuen, eta horrela erregai ez berriztagarrien erabilera murrizten dela. Plataformak dio erregai berrien artean dauden hondakin batzuk ere ez direla berriztagarriak, plastikoak eta kautxuren hondakinak esaterako. Hondakinak erretzen ez badira, hondakindegian bukatuko duela dio CPVk. Beste erabilpen posibleen inguruko azalpenik ez duela ematen nabarmendu dute Hiru Mugak Baterak-eko kideek.

Plataformako kideen iritziz erreko liratekeen hondakin gehienek ez dute negutegi efektua eragiten duten gasen isuria murriztuko. Isuri horiek soilik biomasaren erabilerarekin lortuko litzatekeela esan dute plataformatik. Aldi berean, Hiru Mugak Baterak nabarmendu du porlandegietan hondakinak erretzea galarazten duela Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralak.

Enpresak aurkeztu duen memorian hondakinak erretzeak lurpeko eta lur gaineko uretan izanen duen ondorioa minusbaloratzen dela adierazi dute plataformatik. Aldi berean, airearen kalitatea zein den zehazteko eguraldi mota guztiekin ikerketa sakona egin behar dela azaldu dute Hiru Mugak Baterako kideek eta CPVk aurkeztutako dokumentazioa ez duela halakorik gaineratu dute.

Plataformatik azpimarratu dute isurien osagai kutsagarrien neurketa une jakinetan besterik ez dela egiten, ez etengabe, "eta horrek emaitzak faltsutzen ditu". Gaur egun ere porlandegiak elementu kutsagarriak isurtzen dituela nabarmendu du. Aldi berean, CPVk bere memorian hondakinak erretzea ez den beste alternatibarik ez duela jaso salatu du Hiru Mugak Baterak, eta gogorarazi du legediak beste alternatiben berri ematea behartzen duela enpresa. Azkenik, plataformak nabarmendu du CPVk herritarren eta udalen iritzia ez duela kontuan izan, eta horretarako Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala izendatu dute porlandegiaren plana.

Guaixe aldizkaritik moldatutako testua.