Nafarroako parlamentuko Sustrairen agerraldia Castejongo zentralak eta Ezkabarteko goi tentsioko lineari buruz

Lehenengo parlamentuko agerraldi batHidrocantabrico enpresak Castejonen duen zentral termiko bat legez kanpokoa dela berretsi dute epaileek hirugarren aldiz. Afera hau salatzeko Sustrai Erakuntza eta Ribera + Centrales No plataforma Nafar Parlamentuan azaldu dira. Han egon dira ere Orkoien-Ezbakarteko goi tentsioko linearen aurkako plataforma, proiektu hori buruz hitzegiteko. Parlamentuko bi bideoak ikusi ditzazkezu artikulu osoa ikusten baduzu, baina gure kide den Xabier Euskalerria Irratian eginiko elkarrizketa entzun dezakezu lehen ere, hemen edo archive.org webgunean:

Sesión de trabajo con los representantes de la Fundación Sustrai Erakuntza y la Plataforma de la Ribera + Centrales No, para exponer algunas apreciaciones referentes a las centrales térmicas instaladas en el término municipal de Castejón y su problemática medioambiental.

Sesión de trabajo con los representantes de la Fundación Sustrai Erakuntza para explicar el impacto paisajístico que tiene la construcción de la línea de alta tensión entre Orkoien y Ezkabarte.

 

Sustrai Erakuntza Fundazioko kideak eta Castejongo zentralen eta Orkoien - Ezkabarte goi tentsioko linearen aurkako plataformetako herritarrak Nafarroako Parlamentuko Ingurumen Batzordean izan ziren. Enpresa elektrikoen interesei lehentasuna ematea kritikatu zuten.

«Hemen inork ez dio garapenari uko egiten. Baina noren garapenaz ari gara? Nafar guztionaz, edo esku pribatuetan dagoen energia elektrikoaren salmentaren negozioaren garapenaz? Ez dezala inork nahas nafar guztien garapena gutxi batzuen interesen defentsarekin». Argi eta garbi mintzatu da Sustrai Erakuntza fundazioko kide Xabier Zubialde Nafarroako Parlamentuan. Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Batzordeko kideen aurrean aritu zen atzo. Eskaera zehatza egin die parlamentari nafarrei: «Energiari buruzko plangintza publikoa eta demokratikoa behar dugu».

Batzordeko kideek Castejongo zentral termikoen auzia eta Orkoien eta Ezkabarte arteko goi tentsioko linearen proiektua aztertu zituzten, eta haien harira jarri zuten mahai gainean eredu energetikoari buruzko eztabaida. Sustrai Erakuntza fundazioko kideekin, Erriberako Termiko + Ez Plataformako eta Orkoien eta Ezkabarte arteko goi tentsioko linearen aurkako plataformako ordezkariek hartu zuten parte parlamentuko lan saioetan. Bi kasuetan, azpiegitura horien atzean dauden enpresa elektrikoen interesak daudela uste dute ordezkariok. Beharrezkoak ez direla eta kalteak eragiten dituztela ohartarazi dute.

2005etik dago epaitegietan Castejongo hasierako bi zentralak handitzeko asmoen inguruko auzia. Iberdrolak eta Hidrocantrabrikok zentral bana eraiki zuten Castejonen, eta biak handitzeko proiektuak jarri zituzten, lehen unetik, mahai gainean. Hidrocantabricok abian jarri zuen bere bigarren zentrala, baina epaileek hiru aldiz bota dute atzera, herritik gertuegi dagoelako.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, Espainiako Auzitegi Gorenak eta, berriki, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak agertu dute zentralaren aurkako iritzia. Sententzia horiek, ordea, ezin izan dira gauzatu, orain arte. Horixe salatu du Eduardo Santos abokatuak.

Ekoizpena eta kontsumoa

«Zentralek lanpostuak eta aberastasuna eraginen zutela saldu nahi izan ziguten. Errealitatea da egunero ere ez direla martxan eta langabeziak jota dela Erribera», erran du zentralen kontrako plataformako kide Pablo Lorentek. Nafarroak Castejongo zentralak behar dituela, beraz, zalantzan jarri du. Ildo horretan, Sustrai Erakuntza fundazioko Xabier Zubialdek datua eman du: «Nafarroak kontsumitzen duen energia elektrikoaren bikoitza ekoizten du; eta, egun, duela hamabost urte kontsumitzen genuen energiaren bikoitza kontsumitzen dugu Nafarroan».

Enpresa elektrikoen etekina ere ez dela nolanahikoa agerian utzi du Lorentek: «Europako enpresa elektrikoen mozkin tartea ia halako bi dute Espainiakoek». Zubialdek berretsi du enpresen interesa eta nafarrena ez nahasteko eskaria. «Nafarroaren faktura elektrikoa 1.600 milioi eurokoa da urtean; energia aurreztuz, aberastasuna sor dezakegu».

Eta hori da Nafarroak behar duen energia ereduaren gakoetako bat, Sustrai Erakuntzako kidearen hitzetan: «Aurreztea da lehen urratsa; eraginkor izatea bigarrena; eta energia berriztagarrien aldeko apustua egitea, berriz, hirugarrena».

Ildo horretan, Orkoien-Ezbakarteko goi tentsioko lineak «zentzurik» ez duela nabarmendu du Zubeldiak. «Ez da behar». Eta horixe berretsi du proiektu horren kontrako plataformako kide Sara Zalbak ere. «2005ekoa da proiektua. Justifikatzeko arrazoiak, orduan, kontsumoa eta Gendulainen eta Eguesen eraiki nahi zituzten 30.000 etxebizitzak ziren. Orain bertze hainbat etxebizitza egiteko proiektuak eta industrialdeak aipatzen dituzte», azaldu du.

Asmo horiek argi uzten dute Nafarroan «agintzen dutenak» enpresak direla. Horixe salatu du Bilduko parlamentari Victor Rubiok. Bertze eredu energetiko baten alde egin du, eta ildo berean mintzatu dira Aralar-NaBaiko eta Ezkerrako parlamentariak ere. UPNk, PPNk eta PSNk, berriz, garapenaren diskurtsoari eutsi diote. Hau da, azpiegiturek eragiten dituzten kalteak arintzen saiatzeko beharra aipatu, baina garapenaren izenean onartu egin behar direla nabarmendu dute. «Beharrezkoak ote diren da gakoa», berretsi du Xabier Zubialdek. Eta argi du ezetz.

Nafarroako Parlamentuko kideek iritzi ezberdinak jarri dituzte mahai gainean. UPNk, PSNk eta PPNk garapenari uko egitea egotzi diete, batez ere, Bilduri eta Aralar-NaBairi. Azpiegituren eragina ahalik eta gehien murriztearen alde agertu dira, baina beharrezko direnean eragiten dituzten kalteak ere onartu behar direla azpimarratu dute. Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak, berriz, egungoaren hagitz bertzelako eredu energetikoaren alde egin dute Nafarroarentzat. Egun enpresen interesak lehenesten direla salatu dute. "Enpresek agintzen dute", salatu du Bilduko Victor Rubiok.

Berria egunkariko bi artikulutik hartuta: 1, 2.