Nafarroako Hondakinen Plana Cementos Portland zaborra erretzeko ekimenarekin erlazionatuta

Artikulu hau irakurtzeko aurreikusitako denbora: 
3 min.

Gaurko prentsaurreko une batOrain dela gutxi ezagutzen genuen Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabe utzi zuen Nafarroako Hiri Hondakinen Plana. Sustrai Erakuntza fundazioak eta Sakanako Mankomunitateak eraman zuten plana auzitara. Arrazoi horregatik, prentsaurreko batean parte hartu dugu Mankomunitate, Olaztiko Udaletxea eta 3 Mugak Batera plataformarekin. Hemen duzu gure irakurketa, Guaixe Aldizkarian agertu den bezala...

Sustrai Erakuntza fundazioaren izenean Martin Zelaiak “hondakinen kudeaketa osoaren planifikazio berria egiteko beharra” azpimarratu du. Errausketa baztertu eta lehenik hondakinak gutxitu, ahal diren produktuak berrerabili eta, azkenik, ahalik eta hondakin gehien birziklatzearen alde agertu da fundazioa; “hori eginda, birziklatu ezin daitekeen hondakin kopurua oso txikia da eta bere errausketa ez da errentagarria”.

Espainiako Auzitegi Gorenak aurreko plana baliogabetu ondoren, fundaziotik jakinarazi dute Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi dituela plan haren jarraipen batzordea eta errebisio batzordea. Horrekin batera, 2015-2025 Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Integratua (HHKPI) onartzeko prozedura zabaldu duela ere. Nafarroako Gobernuaren web orriko Gobernu Irekirako Atariaren bidez aurre txostenetarako ekarpenak egin daitezke.

Zelaiak salatu duenez, plan berria prestatzeko Nafarroako Gobernuak bildutako txostenen artean errefusa diren hondakinak erretzearen aldeko bat dago. “Sortzen dituzten Hondakinetatik Eratorritako Erregaien arabera sailkatzen ditu txosten horrek hondakinen tratamendu sistemak, ziurrenik gero Olatzagutian erre ahal izateko”. Aukera hori guztiz baztertzea eskatu du fundazioak.

Fundazioko kideak “plan berria egiteko aurretik eztabaida eta hausnarketa osatua” eskatu du. Politika eta gizarte eragileek adostutako plana lortu behar da, hondakinak kudeatzen dituzten toki erakundeen beharrak asetzen dituena”. Inon iragarri gabe, txostenak web orrira igotzearekin eta ekarpenak egiteko 15 egun ematea aski ez dela adierazi dute fundaziotik.

Espainiako Auzitegi Gorenak baliorik gabe utzitako HHKPIren marko barruan Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Plan Sektorial (UGPS) bidez porlandegian hondakinak errausteko bidea eman zuen. Sakanako Mankomunitateak eta Sustrai Erakuntza fundazioak UGPS kontra jo zuten Nafarroako Auzitegi Gorenera. Fundaziotik jakinarazi dute Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia UGPSaren kontrako auzira gehitu dutela.

SUSTRAI Erakuntza
www.fundacionsustrai.org eta www.sustraierakuntza.org
sustrai@fundacionsustrai.org

Gaurko prentsaurreko une bat