Nafarroako Abiadura Handiko Trena Europako Batzordearen aurrean salatuta hainbat zuzentarau urratzeagatik

    es 20 Eka 2015 - Audio eta bideo, Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Jordi Sebastiá Twitterren, salaketa aurkeztu ondorenNafarroako AHTaren proiektuagatik Europako Batzordearen aurrean Espainiako eta Nafarroako gobernuen aurkako salaketa aurkeztu du Sustrai Erakuntza fundazioak. Europako Parlamentuko Compromis taldeko kide Jordi Sebastiàk eraman du salaketa Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritzako bulegora, Bruselan. AHTak Nafarroan Europako hainbat zuzentarau urratzen dituela nabarmendu du fundazioak; 160 orriko txostena osatu du hori agerian uzteko. «Salaketa sendoa da; Espainiako eta Nafarroako gobernuek behin eta berriz urratu dituzte, nahita, Europako hainbat zuzentarau», erran dute Sustrai Erakuntzako kideek. Jarraitu irakurtzen… Prentsa oharra bera gaztelaniaz eta ingelesez. Info7 Irratian elkarrizketa (gaztelaniaz):

    Lege urratzeak hiru esparrutan gertatu dira, fundazioak egindako txostenaren arabera. Batetik, salatu du herritarren parte hartzea oztopatu egin duela administrazioak. «Nafarroako Gobernuak AHTaren proiektuari buruzko ingurumen informazioa jasotzeko aukera ukatu egin die herritarrei, 2008tik 2014a bitarte. Eskubide hori onartzen du Aarhuseko Hitzarmenak, bai eta Europako 2003ko ingurumen informazioari buruzko zuzentarauak ere».

    Egoera hori aurretik ere salatu izan du Sustrai Erakuntza fundazioak, eta haren alde egin dute Nafarroako Arartekoak, bai eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ere. Epaileek 2013ko abenduan eman zuten haien sententziaren berri, helegitea aurkeztu eta handik 43 hilabetera.

    Bigarrenik, Nafarroako AHTaren proiektuari buruzko ingurumen eraginaren adierazpenen auzia jarri du Sustrai Erakuntzak mahai gainean. Adierazpenak 2004. urtean onartu zituzten, baina lanak ez ziren 2011ra arte hasi. «Ordurako, jada, zaharkituak zeuden, ez zuten balio», nabarmendu dute fundazioko kideek. Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak ere hori bera erran zuen, 2013ko sententzia baten bidez.

    Hala ere Castejón eta Cadreita artean obrak egiten ari direla eta ibilbidearen beste zati batzuetan lur desjabetzeak tramitatzen ari direla salatu dute.

    Hirugarrenik, babestutako espeziei eta naturguneei eragindako kaltea salatu du Sustrai Erakuntzak, bere txostenaren bidez. Fundazioak agerian utzi du AHTaren bideak «zuzenean» eragiten diela hainbat eremu babesturi, tartean Europarako interesa duten hainbat tokiri ere. «Ebro ibaia eta Juncal aintzira ukitzen ditu proiektuak, adibidez. Bi espazio horietan indarrean da 1992ko habitaten zuzentaraua. Hegaztientzako toki garrantzitsuak dira, eta 2009ko hegaztien zuzentarauak ere babesten ditu».

    Proiektuak ez diola babes horri jaramonik egiten salatu du Sustrai Erakuntzak. Bisoi europarraren habitatari ere eragiten diola erantsi du. Espezie hori galtzeko zorian da, eta babestutako espezie bat da Europan.

    Sustrai Erakuntzak gaineratu du ere Nafarroako AHT egitasmoak ez duela errentagarritasun sozio-ekonomiko azterketarik, 65 kilometroko trenbidea eraikitzeko 900 milioi euro gastatzea aurreikusten bada ere. Alferreko gastutzat jo dute, are gehiago kontuan izanda abiadura handiko beste bide batzuekin inolako loturarik ez duela izango. “Tren bide berria dagoeneko existitzen denaren paraleloa da. AHT kostatuko denaren hamarren bat erabilita gaur egungo linea modernizatu liteke”, esan dute.

    Europako Batzordeak jaso du Sustrai Erakuntza fundazioak aurkeztutako salaketa. Hurrengo urratsa izanen da erakunde horrek salaketa aztertzea, eta salatutako erakundeetako agintariekin kontsultak egitea auziari buruz. Kontsulta horien emaitzen arabera, Europako Batzordeak erabaki dezake arau-hauste prozedura zabaltzea. Luxenburgoko Auzitegira hel daiteke gaia.

    Informazio gehiago:

    Berria egunkaria eta Argia aldizkaria hartutako testuetatik moldatuta, mila esker!.

    Sustrai Erakuntza Fundazioa
    Webguneak: http://www.fundacionsustrai.org/ eta http://www.sustraierakuntza.org/
    Emaila: sustrai@fundacionsustrai.org

    The Greens/European Free Alliance in the European Parliament
    Web: http://www.greens-efa.eu/
    Email: rosa.llobregat@europarl.europa.eu

    Jordi Sebastiá Twitterren, salaketa aurkeztu ondoren