Elkarretaratzea: Trenari BAI, AHT-ri EZ. Non dago parte-hartzea?

    es 22 Eka 2017 - Audio eta bideo, Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Elkarretaratze -prentsaurrekoaren une bat...Gaur arratsaldean elkarretaratze – prentsaurreko bat burutu dugu Iruñeko Carlos III Etorbidean, Diputazio eraikinaren aurrean. Bertan Prestazio Handiko Trena (AHT)-ren inposizioa salatu dugu. Ekitaldia Plataforma Ribera por el Tren Social No al TAV, Asociación Zona Media Por el Tren / Erdi Aldea Trenaren Alde, AHT Gelditu Elkarlana, eta Sustrai Erakuntza Fundazioa taldeek deitzen zuten. Jarraian, zabaldu dugun testua, bideo bat, eta argazki batzuk daukazu…

    Trenari BAI, AHT-ri EZ. Non dago parte-hartzea?

    Aukera guziak mahai gainean dira. Alde batetik, Sustapen Ministerioak AHTren lanei berriz ekitea proposatu dio Nafar Gobernuari. Proposamenaren arabera, Ebro ibaia zeharkatuko lukeen zubi bat eraikiko litzateke, eta horrek Castejonen hasitako AHTren plataforma eta Zaragozarako linea lotuko lituzke. Hurrengo urratsa Castejonetik Iruñerrira doazen zatiak egitea litzateke. Aurreikusitako gastua 900 milioi eurokoa da. 2004an UPNek eta PSNek onartu zuten proiektu berbera da: Abiadura Handiko tren korridore berria. Baina, herritarrak nahasteko, Prestazio Handiko Trenaz mintzatzen dira.

    Beste aldetik, Geroa Baik adierazpen instituzional bat aurkeztu zuen ekainaren 5ean. Adierazpenean Nafar Gobernuaren eta Sustapen Ministerioaren arteko ituna aipatzen zen, korridorea eraikitzeko lanak finantzatu eta egin zitezen. Adierazpen hori onartu zen UPNren, PSNren eta PPren botoekin.

    Elkarretaratze -prentsaurrekoaren une bat...

    Gertakari horiek direla eta, AHTren aurka gauden taldeon gogoeta helarazi nahi dizuegu:

    Elkarretaratzearen kartela...

    1. Nabarmendu nahi genuke proiektu horrek gastu ikaragarria dakarrela ez beharrezkotzat jotzen dugun egitura egiteko. Nafarroan eraikiko litzatekeen tren-korridorearen osoko gastua 3.000 euro baino handiagokoa litzateke. Gainera, frogatu da erabileraren diru-sarrerek ez dituztela ustiaketa gastuak estaltzen, eta, ondorioz, mota horretako lineak diru-iturri publikoez finantzatu behar dira etengabean. Horrela eginda, funts handia desbideratuko litzateke AHTra, errenta handiko gutxiengo batek bakarrik erabiliko lukeen egitura batera.

    Ingurumenaren gaineko eragina nabaria da: besteak beste, lurraldeen okupazioa, oztopo-efektua eta habitaten suntsiketa. Eta egitasmoaren asmoa hiri handiak lotzea baino ez da; horregatik, Tafalla, Marcilla eta beste hainbat herrik tren zerbitzua galduko lukete, trenaren erabilpena gero eta handiagoa den unean, hain justu.

    2. Aldaketaren Gobernuak eta sostengatzen duten alderdiek hauteskunde-arrakasta lortu zuten parte hartzea, eztabaida soziala eta gardentasuna bezalako baloreak adierazita.

    Baina, ordea, AHTari dagokionez, prozesua balore horien guztiz kontrakoa izan da: Manu Aierdiren eta Sustapen ministroaren arteko negoziazioa eta itunaren aldeko adierazpen instituzionala parlamentuan. Ez da inolako eztabaidarik izan ez korridore berriaren beharraz, ez egungo tren lineak dituen aukerez. Legislaturaren hasieran, AHTren aurkako taldeek legebiltzarreko ponentzia bat sortzea proposatu zuten mugikortasun-beharrak aztertzeko Nafarroan. Ponentzia hori gutxietsi eta geldiarazi da, eta Manu Aierdi izan da parlamentuaren aurrean agertu den bakarra.

    Pentsatzekoa da egitura handi bat egin aurretik bai errentagarritasun ekonomikoa, bai aukera desberdinak ezagutzeko ikerketa independente, zorrotza eta parte hartzailea egin behar dela. Ikerketa hori ez da egin, eta ez du ematen egiteko asmorik dagoenik.

    Seguruenik, horren arrazoia da Estatu Espainiarrean egitura hauen inguruan egindako ikerketek erakusten dutela ez direla ekonomikoki errentagarriak, ez lur-kohesioa bermatzeko eraginkorrak, haien eragina oso handia dela ingurumenaren gainean eta zailtasun handiak dituztela merkantzia-kopuru esanguratsuak garraiatzeko.

    Parte hartzeari eta aztertzeari uko egite horrek eta orain arte aurrera eraman duten prozesu ilunak pentsarazten digute AHTa eraikitzeko motibazioa politikoa eta interes ekonomiko pribatuen ondorio dela. Frogatua da horrela gertatu dela finantza-sistemaren desmasia baino lehen egindako egitura erraldoi gehienetan.

    3. Ezinbestekotzat jotzen dugu fundamentuzko ikerketa bat egitea egungo tren-lineak eskaintzen dituen aukerak eta behar dituen hobekuntzak ikertzeko. 1987ko  Burdinbideetarako Garraio Planean Castejon eta Altsasuren arteko burdinbidea bikoizteko lana aipatzen zen, baita gehiengo abiadura 140 kilometro ordukotik, egungotik, 160 kilometro ordukora igotzeko asmoa,. Planaren arabera, bide berri paraleloa eraiki behar zen lur-berdinketa eta zubiak zein gainbideak baliatuz.

    Mende honetan gizakiak aurre egin beharko die erronka sozialei eta ingurumenekoei, aldaketa klimatikoa eta erregai fosilen desagerpena kasu, eta tren-konbentzional sarean inbertitzea gaurko garraio-eredu eutsiezina saihesteko aukera argia da.

    Komunikatua sinatzen dugun taldeok:

    • Plataforma Ribera por el Tren Social. No al TAV.
    • Asociación Zona Media Por el Tren / Erdi Aldea Trenaren Alde.
    • AHT Gelditu Elkarlana.
    • Sustrai Erakuntza Fundazioa.

    Elkarretaratze -prentsaurrekoaren une bat...