Beste Navarra Arena bat zure kontura nahi duzu?

Artikulu hau irakurtzeko aurreikusitako denbora: 
3,5 min.
NAVARRA ARENA PRESTAZIO HANDIKO TRENA (AHT)
Errentagarritasun azterlana: Ez dago Errentagarritasun azterlana: Ez dago
Gastua: 60 milloi € Gastua: ia 4.000 milloi €
Amortizazioa: ezinezkoa Amortizazioa: ezinezkoa
Ustiapenaren onurak: defizita sortzen du Ustiapenaren onurak: defizita sortzen du

Nafarroako Prestazio Handiko Korridorea, iraungita eta zaharkituta dagoen Abiadura Handiko Trena da, gaur egungo Nafarroako Gobernuak berrizendatuta. Kontuen Ganbarak 2016. urtean, “beste garaietako” proiektu bat dela ondorioztatu zuen. Sanferminetako Museoa, Los Arcoseko zirkuitoa, edo Navarra Arenaren garaikoa hain zuzen ere. Lehenengo eraiki eta ondoren erai izanaren justifikazioa bilatzen saiatzen zirenekoa. Bukatu zituzten arte, nafarroi ideia zoragarriak iruditu zitzaizkigun zirkuitoa eta frontoi erraldoia.

UPN/PSN garaiko proiektu zaharretik ez da koma bat ere aldatu. Badirudi PP eta Geroa Bai Nafarroan garatu nahi duten trenbide ereduan ados daudela orain. Proiektua bultzatzeko lanak ere banatu dituzte Geroa Bai Iruñerrian eta UPN/PP Tafallaldean. Iruñean ingurabidea desagerraraztea beharrezkoa dela saltzen ari zaizkigu eta Tafallan aurka agertzekotan, lanak estatuak egiten dituela esanen dute.

Nola daiteke, neurri honetako proiektu bat bultzatu aurretik errentagarritasun sozial edo ekonomikoko azterlan bakar bat ere ez egitea? Agian uste dute, diru publikoa denez, ez duela azterketarik merezi. Negozioa trenbidea egitean datza. Urtetik urtera, ADIFen kudeaketa zorra haunditu baino ez da egiten. Nafarrok ditugun lehentasunen artean Madrilera trenean azkarrago eta garestiago joan ahal izatea dago?

Krisi ekonomikoa. Instituzio publikoak (Nafarroa eta Estatua) izugarri zorpetuak daude hurrengo hamarkadetarako. 3000, 4000 milioi euro arteko diru publikoaren xahuketa berri honekin, zerbitzu publikoak are arrisku handiagoan egonen dira Eraikitzean administrazioen zorra izugarri handitzeaz gain, esplotazio urte bakoitzeko defizitak zor hori handitu baino ez du eginen ondorengo urtetan.

AHTak errentagarritasun sozial eta ekonomikoa duten zerbitzu publikoetan ordea, murrizketak ekarriko ditu nahi eta nahiez: murrizketak osasungintzan, hezkuntzan, beketan, ikerketan, desgaitasunea, genero politiketan, doako justizian, kulturan, enplegu publikoan, pentsioetan, unibertsitate publikoan, lehenengo sektorearen dirulaguntzetan, laborategi publikoetan, enplegu berezietako zentroetan, suhiltzaileetan, ospitaleko larrialdietan, ingurugiroan, eta beste hainbat esparrutan, non inbertsioak aski justifikatuta dauden.

Hau dena zeren truke?

AHT/PHT ez da denontzat izango. Tafallan, Erriberrin, Martzillan, Villafrancan,... gaur egun dituzten trenbideen konexioak galduko dituzte. Madridera bidaiatzeko gaur egun baino denbora gehiago beharko dute, txartelarengatik gehiago ordaintzeaz gain. Iruñeara kotxez etorri beharko dira Madrilera bidean beraien eskualdetik berriz pasatzeko, bueltan berdin. Zehaztu gabe dago, ez dago ezta definituta ere. Hitzarmen berri bat sinatzeari buruz hitz egiten ari dira.

Merkantziak ez dute Prestazio Handiko Tren (PHT) hau behar. Agian europako zabalera duen trenbidea behar dute baino bide berri baten eraikuntza ez dago inondik ere justifikatua, hain zuzen ere, diru publikoaren xahutze handiena eragiten duena. Kasualitatez, estatuan eman diren ustelkeri bi kasu handienetan, Púnica kasua eta Barcenas kasua, AHT/TAP/AVEarentzat plataforma berrien eraikuntzarekin lotuak izan dira.

Ez da ingurugiroarentzat jasangarria. Nafarroako Gobernuak Paris 2016 akordioan hartutako konpromisoaren helburuen aurkakoa da. Xahutze energetiko handiagoa eta CO2 emisio gehiago. Lur mugimendu handiak eta eremu babestuetan izango diren kalte berriak ahaztu gabe. Hainbat zabortegiren eta harrobiren proiektuak justifikatuko dira bidean. Nafarroa jasangarritasunetik urrunduko litzateke.

Iruñeako trenbidearen saihesbidea. Ulertezinak diren bi gauza.

BAT. Beste tokietan, trenbideak herriguneetatik pasatzen diren kasuetan arriskuak eta trabak gutxitzeko, ahosgabetzeko, hesteko edo isolatzeko inbertitzen da dirua. Hemen dagoena abandonatu, eta azpiegitura berri batean xahutu nahi da dirua. Hemen, arazoa Etxabakoitz eta Oltzako biztanleei pasatuaz konpondutzat eman nahi da.

BI. Ez dago plangintza on bat duen hiririk bere geltokia erdigunetik urruntzen duenik, kontrakoa, Europan geltokiak hiriaren erdialdean kokatzen dira. Ez da interes ekonomiko berezirik egongo geltoki berria Etxabakoitzen kokatzeko? Erdigunean mantendu nahi dituzte Sevilla, Bilbon… bezalako kasuetan gainera ordezko azpiegitura egina lukete jada.

Ez da hitzarmen berri bat sinatzeko momentua, nahiz eta Iñigo de la Serna (PP) eta Manu Ayerdi (Geroa Bai) ados egon. Trenbide eredu merkeago bat behar dugu, Suizako edo Alemaniakoaren antzekoa, egituratua eta lurraldearen arabera antolatua? Edo trenbide eredu garestia, elitista, zentralizatua, errentagarritasun azterlanik gabekoa, irizpide politikoekin diseinatua? Ez dira ba Nafarroarentzat hitzarmen ekonomiko ahulago bat negoziatzen, AHTaren inguruan hitzarmen berria lortu ahal izateko?

Guk, gure komunitate osoaren beharrei erantzuten dion trenbide ereduaren alde egiten dugu. Horretarako beharren azterketa egin behar da lehenbizi. AHTa ez da beharrezkoa, eta jasanezina zaigu, ekonomikoki, sozialki eta ingurumen arloan.

Ez dugu beste Navarra Arena berri bat nahi!

Sustrai Erakuntza Fundazioa
www.sustraierakuntza.org