Auzitegi Gorenak berretsi du Castejongo zentral termiko bat legez kanpokoa dela

Artikulu hau irakurtzeko aurreikusitako denbora: 
3,5 min.

Elerebroko zentral termikoa, Castejonen.Epai judizial (PDF, 685 Kb) berri batek Castejongo zentral termiko bat martxan jarraitzerik galarazi du. Azpiegitura hauek jaso duten hainbat sententzietako beste bat izan da oraingoa. Hau ikusi ondoren zentralen eraispena aztertu beharrean gaudela uste dugu, oraingo Nafar Gobernuak egin beharko duena, orain Energia Plan berria eztabaidatzen ari garenean. Gure webguneko artikulu honetan informazioa gehitu dugu, eta Nafar Gobernuari galdera batzuk luzatu...

Hamaika urte igaro dira Espainiako Industria Ministerioak Castejongo ziklo konbinatuko zentral termikoa egiteko baimena eman zuenetik. Hiru urte eta erdi, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak zentrala eraikitzeko baimena baliogabetu zuenetik. Orain, erabaki hori berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak, Castejon 1 eta 3 zentralen jabeak —Elerebro enpresa elektrikoak— jarritako kasazio helegitea atzera botata. Hortaz, zentral termikoa legez kanpokoa dela berretsi du epaileak. Eta erabakia apelaezina da.

Gorenak ez ditu aintzat hartu enpresak bere helegitean emandako argudioak, eta ohartarazi dio ebazpen judizial bat atzera bota ahal izateko ez dela nahikoa horrekin ados ez egotea: «Eginiko balorazioa irrazionala edo arbitrarioa dela justifikatu beharra dago». Epaileak nabarmendu du zentral termikoaren jabeek ez dutela halakorik egin; eta, beraz, egokitzat jo du 2013ko sententzia.

400 megawatteko ziklo konbinatuko zentralen jarduna «gogaikarria, kaltegarria eta arriskutsua» dela nabarmentzeaz gainera, ebazpen hark azpimarratzen zuen Castejongo zentralaren kokapenak «oinarrizko araudia» ere ez zuela betetzen. Zentrala herritik 500 metrora eraiki zuen Elerebrok, eta, gutxienez, 2.000 metrora egon beharko luke.

Urte hartan, UPNren gobernuak alegatu zuen gutxieneko distantziak errespetatzeko araudia ez zela derrigorrezkoa eta ez zegoela zertan Nafarroan ezarri; eta kasazio helegitean, antzeko argudioak erabili zituen Elerebrok. Baina Auzitegi Gorenak helduleku hori ere kendu dio enpresari, 2.000 metroko gutxieneko segurtasun distantzia aplikatzeko betebeharra duela gogorarazita.

Castejon 1 eta 3 zentralen jabe da Elerebro enpresa —HC Energia taldearen barruan dago orain—. Gorenak 2011n ebatzi zuen Castejon 1 eraikitzeko baimena legez kontrakoa izan zela; eta Castejon 3ren aurkako sententziak ere pilatu egin zaizkie arduradunei. Hala ere, ez dituzte instalazioak itxi. Pizturik daude oraindik, azken urteetan erabili ez dituzten arren.

Erribera Zentral Gehiago Ez plataformak eta Sustrai Erakuntzak behin baino gehiagotan kritikatu dute zentralak zabalik segitzea, epaiek kontrakoa agindu arren. Bide horretan, elektrizitate enpresek bidelagun eta konplize izan dute UPNren gobernua. Hala, Jose Carlos Esparzak, Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko kontseilari zenean, askotan berretsi zuen ez ziola ustiapen baimena kenduko zentral termikoari. Are gehiago: gobernuak berak helegiteak jarri zizkien zentral termikoaren kontrako sententziei, enpresaren interesak bere eginez.

Castejon 3 zentralaren aurka salaketa aurkeztu zuten herritarren izenean, Auzitegi Gorenaren azken epaiaren balorazio ona egin du Dani Maeztu abokatuak. «Prozedura judiziala abiatu zenetik zortzi urtera, epaiak bukaera eman dio amaigabea zirudien auzi honi, eta, gainera, arrazoi eman die bere garaian zentrala eraikitzearen kontra egin zuten Castejongo herritarrei».

Abokatuaren irudiko, Gorenak berretsi egin du zentralaren legezkotasunik eza. «Zentrala eraikitzeko Espainiako Industria Ministerioak 2005. urtean emandako baimena ez zen zuzenbidearen araberakoa izan. Hortaz, baimena baliogabetuta, Elerebroren ziklo konbinatuko zentralaren jarduera klandestinotzat jo du epaiak».

Bestalde, proiektuak ingurumen txostenik ere ez duela nabarmendu du Maeztuk. «Ondoriozta dezakegu Castejongo zentralak, gaur egun, ez duela ez Industria Ministerioaren baimenik, ez ingurumen txostenik ere. Hortaz, bere jarduera legez kanpokoa da».

2005ean hasi zuten proiektua eta zentrala 2007an eraiki zuten gas energiaren burbuila gorenean zenean. Herritarrak segituan mobilizatu ziren azpiegituraren kontra, auzitara ere eraman zuten. Orain, gobernu aldaketa izan ondoren eta gasaren sektorea amilduta dagoela, Castejonen hezurdura izatera kondenatu ditu justiziak tximinia horiek.

Berria egunkaria eta Argia aldizkarietatik hartutako testua, mila esker!.

Elerebroko zentral termikoa, Castejonen.