“Atez ateko” biltzea ala “Herriz herriko” biltzea

    es 26 Urt 2014 - Hondakinak eta errausketa

    Imagen de una incineradoraSustrai Erakuntza Fundazioaren iritzi artikulua.

    “Krisi ekonomiko” deritzanaren azpian benetako krisia ageri da: petrolioaren, mineralen eta erraz eta merke atera daitezkeen lehengaien amaierak eragindako baliabide krisi globala. Honexegatik seguruenez azken hamar urte inguruan petrolioa %600ean garestitu da. Era berean nafar bakoitzak urtero sortzen duen zabor kopurua ere zinez handitu da.

    Hau honela izanik, hondakinen erretzea gero eta negozio handiagoa suertatzen ari da. Petrolioaren prezioak gora egiten duelarik energiaren espekulatzaileak bestelako “erregaien” bila aritzen dira dirua irabazten jarraitzekoi asmoz. Ikuspegi honetatik ahalik eta hondakin gehien egitea ontzat hartzen dute gero erraustearen ondorioz energia kopururik handiena lortzeko.

    Sustrai Erakuntzan hondakinen inguruko gogoetak sakona izan behar duela irizten dugu. Debate hau ekonomiari, gizakien osasunari eta ingurumenari loturik dagoen gaia dela nabarmendu behar dugu. Kontua zerean datza, hondakinena nola kudea dezakegun ahalbait iraunkorren.

    Lehenik gizartea berrantolatzea funtsezkoa dela diogu, energia eta baliabideetan aurreztea lehentasunezko helburua izanik. Hondakinen kudeaketan lehenbiziko “B”-a daukagu eginkizun hau: erabilitako materialak bakantzea. Madalena soil bat erosteko zer dela eta erosi behar material ezberdinez egindako bildukin mordoa?

    Bigarrenez beste “B” baten alde egin behar dugu: erabilitako materialen berrerabilpena. Zergatik ez gara beirazko botilez eta bestelako ontziez baliatzen gerora berriz erabiltzeko hain aspaldi ez dela egiten zen bezala?

    Hirugarrenik beste “B” bat, birziklatzea: nola antolatu hondakinen biltzea eta kudeatzea berauen % 80 edo % 90ko birziklatzea lortzeko?

    Atez ateko sistemak, Sakanan eta beste hainbat tokitan gauzatzen ari denak, hondakinen bereiztearen kopuru zinez handiak lortzen ditu. Banatze maila hau lortzeak honako ondorio hau dakar: bereiztu diren materialak ez dira hondakinak eta hainbat modutan erabili ahal izango diren baliabide bihurtzen dira. Honetaz hiri hondakinak kudeatzeari dagokionez gertuagotik, tokian tokitik eta gestio guztiz publikoa bultzatzearen alde egin behar dela uste dugu argi eta garbi.

    Oharra: Iritzi artikulu hau izenburu berarekin argitaratu genuen beste baten laburpena da (erderaz bakarrik, barkatu).